[ARGAZKI GALERIA] Benantzi Zabala eta Felix Aresti garaitarrek omenaldi hunkigarria jaso dute

Ekaitz Herrera 2022ko urr. 3a, 13:49

Zabala eta Aresti Garaiko Nagusien Elkarteko kiderik beteranoenak dira. Zapatuan jaso zuten elkarteko gainerako kideen omenaldia.

Garaiko San Migel Nagusien Elkarteak bere kiderik beteranoenak omendu ditu. Ekitaldia zapatuan egin zuten, nagusien elkarteak sanmigeletan egin ohi duen urteroko bazkarian. Bertan, elkarteak eskerronik beroena eskaini zien Benantzi Zabala (94 urte) eta Felix Aresti (91 urte) elkartekideei. Nagusien Elkartetik adierazi dutenez, bai Zabalak eta bai Arestik "pozarren" jaso zuten omenaldia. Era berean, bazkarian zehar egondako "giro bikaina" azpimarratu dute: "Bazkarian giro oso ona izan genuen. Denak irten zuen bikain. Marmitakoa jan genuen lehenik. Solomoa piperrekin gero, eta euskal pastela azkenik", azaldu dute elkartetik. 33 bazkaltiar batu ziren. Gauzak horrela, Nagusien Elkarteak bukaera eman dio sanmigeletan egin ohi duen aste kulturalari. Bazkariaz gainera, mus, tute eta briska txapelketak izan zituzten joan zen astean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!