“Iazko abuztuan egondako sikate maila uztailaren erdirako gainditu dugu aurten”

Anboto 2022ko uzt. 27a, 10:20

Aitor Onaindia Bereziartua (Durango, 1976) baso ingeniaria eta Basoa Fundazioko zuzendari teknikoa da. Joan zen astean Garain egon zen berez ernatzen diren basoen kudeaketa praktikoari buruzko tailerra eskaintzen. Klima aldaketan sartuta gaudela eta basoek egunotako beroak igarri dituztela dio.

Zer aztertu duzue ikastaroan?
Arbolek propaguluak askatzen dituzte euren ugalketarako. Izan daitezke sasiak, indarra hartu eta aldaxka bihurtu diren adar zatiak, sustraiak. Horrela birsortzen dira, eta, hain zuzen ere, horixe da berez ernaturiko basoa, modu horretan hazten dena. Berezkoa da, baina gizakiak lagundurikoa izan daiteke, zainketak eginda, inausita. Dena dela, berdin dio basoa berezkoa den ala gizakiak baldintzaturikoa, gizakia ez dago naturatik kanpora eta. Gizakia naturaren zati da. Pandemiak erakutsi digu gauza txiki batek gure lekuan ipintzen gaituela. Guk egin dezakeguna basoari laguntzea da. Ikastaroan hori aztertu dugu.

Egunotako beroekin basora begira ipini gara. Zelan dago basoa?
Basoak ondo igarri du egun hauetakoa. Dena dela, arbolak lurrari loturiko bizidunak direnez, genetika aldetik prestatuta daude egoera gogorrei aurre egiteko. Hori bai, dena muga batzuen barruan dago. Klima aldaketa honegaz ikusten gabiltzana da tenperatura eta hezetasun baremo batzuetara ohituta egon diren arbola horiei beste tenperatura eta hezetasun baremo batzuk datozkiela gainera. Eta joera hori luzatu egiten bada, denek ez dute iraungo.

Ipiniko zenuke adibideren bat aldaketa hori ilustratzeko?
Berriatua herrian pinudi bat dugu ikerlanak egiteko. Atmosferan, lurrean eta arboletan mugitzen den ur kantitatea aztertzen dugu, besteak beste. Ikusi duguna da iazko abuztuan egondako sikate maila uztailaren erdirako gainditu dugula aurten. Horrek esan gura du landarediak hilabeteko estres gehigarria duela. Fotosintesi sasoia, hazkunde sasoia, hilabete murriztu zaie. Eta hori gogorra da.

Basoa prestatuta dago joera horri aurre egiteko?
Esan dudan moduan, landareak prestatuta daude honi aurre egiteko. Baina kontua da joera horri urte batean egin beharko dieten aurre ala joera hori urteetan errepikatuko den. Zantzuek erakusten dute arbolak eta landareak txarto pasatzen hasi direla dagoeneko. Orain urte batzuk pinuekin gertatu zen. Arbolak makaldu egin daitezke, eta makaltzen badira indar gutxiago dute.

Badator klima aldaketa ala dagoeneko klima aldaketan gaude?
Klima aldaketan gaude. Eta, horren aurrean, erantzun batzuk eman behar ditugu. Basoa bera hobeto konfiguratzen badugu, baso egitura hobe bat egiten badugu, genetika hobe bat, ura biltegiratuko duten lurrak lantzen baditugu, dena hobeto erregulatzen badugu, basoari laguntzen ibiliko gara. Klima aldatzen badugu, landareek bizitzeko duten markoa aldatzen badugu, lehengora ohituriko arbolak ez dira marko berrira ohituko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!