"Zientzia bere lekuan ipintzea lortzen badugu, gizarteak konfiantza handiagoagaz egingo die aurre erronkei"

Ekaitz Herrera 2022ko uzt. 12a, 14:55

Vega Asensio Herrero (Durango, 1978) eta Edu Ogando Arregi (Legazpi, 1976) Abadiñon bizi diren zientzialari bi dira. Biologoa eta ilustratzailea da lehenengoa. Fisikaria eta irakaslea bigarrena. Haien zereginetariko bat Garain erakusgai dagoen Zientzia Kalean erakusketa lantzea izan da. Paneletako infografiak Asensiok eta bere NorArte estudioko lankideek diseinatu dituzte. Ogandok aholkularitza lanak egin ditu infografietan azaltzen diren hainbat gairen inguruan. Herritarrak deitu dituzte, Garaira joan eta panelekin "harritzera". 

Izenak ondotxo dio: Zientzia kalean. Zein garrantzia du zientzia kalera ateratze horrek?
Vega Asensio: Esango nuke hiru gako daudela. Batetik, infografiak kalean kokatze hori. Bigarrena, kontatzen den zientziari dagokio. Ez da zeozer abstraktua. Ogia, jogurta, kotxea, sukaldeko plaka, iturriko ura, barra kodea,... eguneroko elementuak dira. Eta hirugarrena, lan honen atzean dagoen eskuzabaltasuna litzateke. Informazioa duzu, infografiak deskargatu ditzakezu, partekatu. Zientzia ahalik eta eskuragarrien ipintzen ahalegindu gara.
Edu Ogando: Inportantea da hori, zientzia edonon dagoela konturatzea. Parean duzun iturrian, esku artean duzun mugikorrean... leku guztietan dago.

Erraza izan al da elementu bakoitzaren atzean dagoen zientzia mundu guztiak ulertuko duen hizkuntza batean erakustea?
V.A.: Honako galdera hau hartu dut oinarritzat: Zelan azalduko nioke hau guzti hau neure buruari modu ulergarri batean? Bada, horrela, geure buruari kontatuta bezala egin ditugu dibulgazio lanak. Asko ikasi dugu adituekin eta infografia bakoitzagaz.
E.O.: Irakaskuntzan ari garenean ere berdina egiten dugu. Ikasleei modu dibulgatibo batean adierazten dizkiegu gauzak, azalpenak hobeto ulertu ditzaten. Sukaldeko plaka infografia bategaz azaltzean ere, berdin. Sinplifikatzen ahalegindu behar duzu, jendeak ulertu dezan, baina ez gehiegi sinplifikatzen, azalpenak zentzurik galdu ez dezan. Oreka bat topatzen ahalegindu gara.
V.A.: Datu estatistikoak, gauza kuriosoak, elementuen osagaiak, anatomia,... erabili ditugu panelak ilustratzeko. Infografia bakoitzak 10etik 20 bertsiora artean izan ditu, behin betiko emaitza lortu arte. Diseinuek joan-etorri asko izan dute.

Behar den moduan baloratzen al dugu gailu eta elementu bakoitzaren atzean dagoena?
V.A.: Horixe da gure erronka. Dibulgatzaileak garen aldetik, herritarrengan jakin-mina pizten segitu behar dugu. Zientzia zer den azaltzen, baloratzen. Zientzia bere lekuan ipintzea lortzen badugu, gizarteak konfiantza gehiagogaz egingo die aurre erronkei. Konfiantza izango dute zientzialariaren lanean, kasu gehiago egingo zaie, politikariek diru gehiago bideratuko dute. Errobera bat da dena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!