Alberto Landa garaitarrak, José Félix Zamanillo iurretarrak, David Munduate iurretarrak eta Antonio Parra bilbotarrak 1.200 bat kilometroko zeharkaldia egin dute bizikletan, alportxak aldean. 'El Camino del Cid' delakoa egin dute, Cid Campeador noble eta militar gaztelarraren bidea. Joan zen maiatzaren 14an Bilbotik irten zuten eta hamar eguneko zeharkaldia eta gero, Alacantera (Herrialde Katalanak) ailegatu ziren. Bidean, Burgos, Soria, Teruel, Castello eta Valentzia zeharkatu dituzte. "Esperientzia polita" izan dela azaldu du Alberto Landak. "Lobos ibaiaren haitzartea igarotzea, adibidez, zoragarria izan da. Oso leku ospetsua da, oinez zein bizikletaz egiteko oso aproposa", azaldu du. "Aipagarria iruditzen zaidan beste leku bat Ojos Negros (Teruel, Aragoi) herriko meatzaldea da. Meatzea itsas mailatik 1.400 metroko garaieran dago", dio. Lau herritarrak aste honen hasieran bueltatu dira bidaiatik etxera.