Lujanbio, Lagoma, 'Abarkas', Katarain eta Agirre bertsotan arituko dira, zapatuan, Garain

Anboto 2022ko mai. 20a, 12:00

Beroa dago iragarrita. Termometroak goia joko ei du zapatuan. Bada, iluntze-plan freskoa egin gura duenak horretarako aukera ederra dauka Garain.

Eskualdeko bertso eskolak emanaldi berri bat egingo du. 'Durangaldea uztabarritzen' bertso zirkuituaren barruan, Maialen Lujanbio, Erika Lagoma, Eneko Abasolo 'Abarkas', Araitz Katarain eta Manex Agirre bertsolariak Garaiko probalekuan arituko dira bertsotan, 20:00etan. Gai-jartzaile lanetan, anfitrioia izango dute lagun, Iruri Altzerreka bertsolari garaitarra. Eguraldiak okerrera egin eta eurira joko balu, saioa frontoi barruan egingo dute. Durangaldea uztabarritzen bertso zirkuituak apirilean ekin zion bere ibilbideari. Denbora tarte honetan, Etxanon, Otxandion, Elorrion, Iurretan eta Durangon eskaini dituzte saioak. Garaiko hau zirkuituko azkena izango da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!