Lurgaia Fundazioak 500 arbola landare berri sartu ditu Momoitio aldean. Familia baten jabetzakoa den arloan sartu ditu, alde bien arteko hitzarmena sinatuta. Haritza, urkia, haltza eta gorostia sartu dituzte, besteak beste. "Lursailen jabea den familiak pinudia izan du orain arte, egurraren industriari begirako arloa. Baina argi dute aurrerantzean baso bat izatea gura dutela", azaldu du Jon Hidalgo Lurgaia Fundazioko presidenteak. Arbola landareak martxoaren 26an sartu zituzten, auzolanean. Bizkai osotik, Gipuzkoatik eta Kantabriatik ailegaturiko 60 herritarrek parte hartu zuten landaketan.