Landa eremuan bizi diren Durangaldeko familiek zailtasunak dituzte 16 urtetik gorako seme-alabak eskolara garraiatzeko

Ekaitz Herrera 2022ko ots. 8a, 13:25

Elkarrekin Podemos – Ezker Batua koalizioak Durangoko institutuko eskola garraioari buruzko galderak erregistratu zituen iazko azaroan, Eusko Jaurlaritzan. Isabel González legebiltzarkideak Hezkuntza Sailari zuzendu zizkion galderak, Garaiko eta Berrizko zenbait familiagaz hartu-emanetan egon eta gero.

Kontua da familia horiek zailtasunak dituztela seme-alabak egunero Durangoko institutura Batxilergoa egitera bidaltzeko, “Hezkuntza Sailak ez duelako garraio antolaturik” eurentzat eta “ez dagoelako garraio publikoaren eskaintzarik ordutegi horretara egokituta”. ANBOTOk egoerak kalteturiko Garaiko familia bategaz berba egin du. Honako hau kontatu dute: "Gure hamasei urteko semeak Batxilergoko lehenengo mailako ikasketak egiten ditu Durangoko institutuan, baina ez du eskola garraiobiderik. Gurasook jaitsi behar izaten dugu Durangora, 08:00etarako. Baina eskolak amaitzean, 15:00etan, ezin izaten dugu joan bera batzera, gure lan ordutegiagaitik. Aitita-amamei eskerrak jasotzen dugu", diote.

Hezkuntza Sailak Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Oinarrizko Lanbide Heziketan ziurtatzen du eskola garraioa, baina ez hortik aurrerakoetan; adibidez, Batxilergoan. Eta hortxe dago, hain zuzen ere, Garaiko familia honen egoera. "Eskola garraioa aldatzea gatx ikusten dut, baina garraio publikoa moldatzea izan daiteke irtenbide bat", iradoki dute. "Garain oso murritza da garraio publikoa. Dagoen apurra autobus lanak egiten dituen autoa da. Baina auto horrek ordutegi zehatz bat du eta ez du semearen eskola ordutegiekin bat egiten", gaineratu dute.

Garaiko familia honek dioenez, antzeko egoera batean egondako guraso talde batek udalera jo izan du laguntza eske. "Udalaren jarrera oso ona izan zen. Alkateagaz batu ginen, gure beharrizanak entzun zituen eta Hezkuntza Sailagaz irtenbide bat topatzen ahalegindu zen. Baina Hezkuntza Sailak erantzun zuen garraio zerbitzua DBHra artekoa baino ez dela. Aldundiagaz ere ahalegindu ginen garraio publikoaren ordutegia moldatzen. Baina ezetz erantzun ziguten, hori egiteak ordutegiak nahieran moldatzeko aurrekari bat ezar zezakeelakoan. Udalak ezezkoa jaso zuen. Eta gauzak horrela daude gaur egun", azaldu du familiak.

Honako kexa hau Garaitik ailegatu da, baina Durangaldeko beste landa eremuetako zenbait biztanlek antzerako egoerak bizi dituzte. “Garraio eskasia da landa eremuan bizi garenok dugun arazoetariko bat. Eta honek berdin eragiten die umeei, helduei zein adinduei. Garain, Iurretan, Berrizen, Mañarian zein Izurtzan ditugu horrelako egoerak”, amaitu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!