Txakurrak jasotzeagaitiko zerga baino ez dute igoko Garain

Ekaitz Herrera 2021ko abe. 27a, 10:00

Ez gora, ez behera. Garaiko Udalak bere horretan mantenduko ditu orain arte indarrean egondako zergen eta tasen kopuru ia guztiak. Hau da, urari, ibilgailuei eta zaborrari aplikatutako zergek bere horretan jarraituko dute datorren urtean. Aldaketa bakar bat baino ez da egongo. Kale txakurrak batzeko zerbitzuari dagokiona. Izan ere, zerga hori igotzea erabaki du udalbatzak.

Kontua da udalerriren batean txakurren bat galduta agertzen bada, udalarena dela animalia hori jasotzeko eta txakurtegira eramateko betebeharra. Eta txakurtegiko prezioak igo egin direnez gero, Garaiko Udalak zerbitzuari loturiko prezioa igotzea erabaki du. Hau da, hemendik aurrera jabea duen txakurren bat bere identifikazio txip eta guzti galduta agertzen bada, jabeak orain artekoa baino prezio altuagoa ordaindu beharko dio udalari. Txakurra jaberik bakoa bada eta identifikaziorik ez badu, orduan udalak hartu behar izaten du gastua bere gain. Garaiko udal iturriek diote normalean ez dela horrelako egoerarik sortzen. "Lehen gehiago, baina gaur egun gutxitan gertatzen dira halakoa egoerak", argitu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!