“Ikuspegi agroekologikoa behar da, natura modu iraunkor eta sostengarrian kudeatu eta baliatuz”

Aitziber Basauri 2021ko ira. 17a, 11:30

Aritz Ganboa (Arruazu, 1979) artzaina aurpegi ezaguna bihurtu da azken boladan. 'Bideak' dokumentala aurkeztu du hainbat herritan, eta arratsaldero Euskal Herriko hainbat etxetan sartzen da 'Biba zuek' telebista saioaren eskutik. Arruazun Idiazabal gazta egiten du anaiagaz eta lehengusuagaz batera, ALBI izenpean. Domekan Garain egongo da 'Bideak' aurkezten, Elizabarrin, 18:30ean. Euskal Herriko ardi txakur txapelketan ere parte hartuko du bihar.

Landa eremuaren eta artzainen bozgorailu bihurtu zara. Premiazkoa da landa-mundua bistaratzea?
Bai. Egia da telebista bidez, sareen bitartez edo Internetez ikusten dela, edo hari begira behintzat ari garela, eta jendeak ikusi behar badu hor gaudela eta premiazkoak garela, bitarteko horietatik lan egitea besterik ez dago. Telebistan horrelako tarte bat izateak garrantzia du bistaratzeko, ikusten ez den horrek, bestela, ez duelako eraginik gure inguruan.

Nafarroako Arruazu eta Izaba korrika lotzea, gazta bat motxilan eramanda. Erronka hura 'Bideak' dokumentalean jaso duzu. Zelako harrera izan du?
Oso pozik gaude. Abenduan estreinaldia egin genuenetik, luze eta zabal zeharkatu dugu Euskal Herria eta jende asko etorri da ikustera. 'Bideak' arbasoei egin nahi nien omenaldi pertsonaletik abiatu zen arren, landa-eremu bizia aldarrikatzeko ekintza berezia bihurtu da, nire bizipenak abiapuntu dituela.

Landa-eremuaren eta hiriaren artean zubi bat eraiki gura izan duzu. Era berean, artzainen lanaren garrantzia nabarmentzeko tresna izan gura du 'Bideak'-ek.
Hala da. Oraindik bide luzea dago egiteko. Jende eta egitasmo asko daude bide horretan ekarpenak egiten. Bideak ekarpen bat gehiago da, gure ekarpena. Azken 40 urteetan gizarteari saldu zaizkion zenbait egia ukaezin zalantzan ikusi ditugu, krisi nabarmen baten ondorioz. Aldaketarako aukera bat sortu da, eta guri dagokigu horretaz baliatzea aldarrikatzeko izan ginelako garela, eta garelako izango garela edo direla. Horretan zeresan handia dute gure nortasunak, herriak, lurrak, lurrarekiko dugun loturak, gure bizimoduak eta ezagutzak, hizkuntzak... Bideak dokumentalak horri guztiari begirada bat bota gura dio. Globalizazioak krisi batera eraman gaitu etengabean, eta beste paradigma batzuk eraiki beharrean gaudela uste dut. Ikuspegi agroekologikoa behar da, natura modu iraunkor eta sostengarrian kudeatu eta baliatuz.

Garain egingo den Euskal Herriko ardi txakur txapelketan ere parte hartuko duzu 'Txistu' txakurragaz, Nafarroakoan txapeldunorde izan eta gero.
Bai. Eta, zintzoa banaiz, uste dut ez dudala irabazteko aukera handirik. Han gauden neurrian, denok dugu aukera, edozer gerta daitekeelako, baina beste artzain batzuek maila izugarria dute, oso txakur onekin doaz. Gainera, azken urteotan ezin izan diot nahi beste denbora eskaini txapelketako prestaketari.

Artzainentzat lan handiko sasoia dator.
Ardien erditzea dator eta horretan gaude buru-belarri. Sasoi gogorra dator, lan handikoa. Gainera, ezin ahaztu salmenta zuzena, bezeroei arreta, landa-eremuaren kudeaketa, lurren zainketa, gazten produkzioa... Askotan modu idealean ikusten dugun mundu hori errealismoz ikusita konturatuko gara oso lan gogorra dela artzainarena, eta ezin dela artzain bakar batez hitz egin. Horrelako bidean aurrera egiteko, elkarlana ezinbestekoa da, eta erdigunean, ezinbestean eta oinarrizko moduan, emakumea dago, normalean alboratuta agertzen den irudia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!