"Orokorrean pozik gaude, dena ondo joan da", dio Marina Agirre Berriozabalek, Berbaro elkarteko gazte arloko teknikariak. "Eskulan pilo bat egin dugu. Kometa bat, adibidez. Eta ur-jolasekin ere ibili gara", gaineratu du. Berbaro elkarteak orain hiru aste ekin zion Garain udalekuak eskaintzeari. Denbora tarte horretan, 4 urtetik 12 urtera bitarteko hogei umek parte hartu dute. "Aste bakoitza, gainera, tematikoa izan da. Naturari, berdintasunari eta kultur aniztasunari loturiko gaiak landu ditugu", azaldu du Agirrek. Eguraldi txarragaitik bertan behera utzi behar izan zuten Debako hondartzara egitekoa zuten irteera. Baina erraz topatu zuten konponbidea, umeekin Izurtza eta Mañaria aldeko baserriak bisitatuta.