Garaiko altxor kulturalak eta naturalak ezagutzera emateko gida kaleratu dute

Anboto 2021ko uzt. 6a, 20:00

Garaiko Udalak gida bat egin du herriko ondare kulturala eta naturala balioan ipini eta ezagutzera emateko. Argitalpena Gerediaga elkarteagaz batera egin du. Uztailaren 17rako bisita gidatu bat antolatu dute.

Gidan herriko toki esanguratsuenak eta oinez egiteko moduko ibilbideak batu dituzte. Ez dira falta Momoitiko San Juan baselizari eta nekropoliari buruzko atalak. Ezta Santa Katalinako ermitari, Etxeitako arteari, Goitia jauregiari, udaletxeari, Zubiaurretarren etxeari edo herriko elizei buruzko aipanemak ere.

Udalak herritarrak eta bisitariak gonbidatu gura ditu Garaik eskaintzen dituen eremu paregabeetaz gozatzera. Hori bai, landa eremua errespetatu dadin eskatu du, "gure aurretikoek gure eskuetan ipinitakoa guztion artean" zaintzeko. GIda herritarren esku ipintzeaz gainera, Elorrioko eta Durangoko turismo bulegoetan ere badago, turisten eskura.

Uztailaren 17an, bisita gidatua

Datorren zapatuan bi orduko iraupena duen bisita gidatua eskainiko dute, debalde. 18:00etan izango da, euskaraz. Eta leku kopurua mugatuta egongo denez, udalak aurretik izena emateko eskaria egin du. Interesdunek gerediaga@gerediaga.eus helbidera jo dezakete. Berdin 946818066 telefonora ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!