Errekarriak edo Saturrarango hondartzako harriak hartzen ditu lehenengo. Etxera eramaten ditu gero, eta askotariko irudiekin margotzen ditu, bere etxepeko garajean. Azkenik, margoturiko harriak Garaiko herrigunean zabaltzen ditu, herriko umeak harriok topatzen olgatu daitezen. Mekanika sinplea da: umeren batek harriren bat topatzen duenean argazkitxo bat bidaltzen dio Sarrigoitiari, WhatsApp bitartez, topatu izanaren justifikante modura. "Ume batzuk etorri izan zaizkit pista eske. Batzuek WhatsApp audioak bidali izan dizkidate, laguntza eske. Belarra hazita dagoela-eta, harririk topatu ezinik ibili da hainbat", dio. Orain asteburu bi ekin zion olgetari, eta egunotan errepikatzeari ekin dio. Egunotan udalekuak eskaintzeaz arduratzen diren kideekin ere berba egin du, herriko umeen izenak jaso eta bakoitzaren izenagaz harri bana margotzeko.
Sarrigoitiari Vianako kanpinean (Nafarroa) sortu zitzaion harriak pintatzeko harra. "Igerileku inguruan hainbat harri zegoela ikusi nuen eta pentsatu nuen zeozer egin nezakeela. Gerora ikusi dut Zornotzan antzeko joko bat hasi dutela, eta gauza bera egitea erabaki dut, baina Instagram eta sare sozialetatik kanpora, hemengo umeekin", gaineratu du.