Garai garagardo etxeak zerbezak eta pintxoak dastatzeko jardunaldiak hasiko ditu gaur

Ekaitz Herrera 2021ko api. 16a, 12:00

Jardunaldiak apirilaren 23an eta 30ean ere egingo dituzte. Parte hartzeko ezinbestekoa da aurretik erreserba egitea. 

Gaurtik hasi eta hurrengo bariku bietan, Garai garagardo etxeak zerbezak eta pintxoak dastatzeko jardunaldiak egingo ditu. Modu presentzialean egingo dituzte, garagardo artisaua ekoizten duten baserrian bertan, Garaiko Etxeita baserrian. "Sei garagardo mota dastatuko ditugu. Denak sasoikoak, une honetan lantzen ari garen garagardoak. Euretariko bi edateko errazak diren garagardoak izango dira. Beste bi lupulatuak izango dira. Eta azken biak, postre modura, zerbeza beltzak izango dira. Garagardo bakoitza pintxo mokadu bategaz lagunduta hartuko dugu, edaria eta janaria zelan uztartzen diren aztertuta", azaldu du Ibon Berriozabalgoitiak, Garai garagardo etxeko kideak. Oraingoz, apirileko barikuetan egingo dituzte jardunaldiak. Gaur, hilaren 23an eta 30ean. Baina aurrera begira data gehiago ere egongo direla aurreratu dute antolatzaileek. Maiatzean eta ekainean.

Dastaketak garagardo lantegiaren ondoan atondutako gune batean egingo dituzte, 17:30etik 20:30era. Modu horretan, bertaratzen direnek lehenengo eskutik ezagutu ahalko dute garagardoa sortzeko prozesua. Jardunaldietan parte hartu gura duenak aurretiazko hitzordua erreserbatu beharko du ezinbestean. Horretarako, nahikoa izango da 685777398 telefonoan hartu-emanetan ipintzea. Alkohola kontsumitzea eta autoa gidatzea bateragarriak ez direnez gero, antolatzaileek taxi zerbitzua eskaini dezaketela ere aurreratu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!