Egunotan, "mugimendua" igarri dute Garaiko Landetxean eta Oar Cottage landetxean. Telefono dei asko jaso dituzte bietan, nahiz eta egoera ez den onena eta oporraldi honetako bisitariak, gehienez ere, Arabatik, Bizkaitik edo Gipuzkoatik etorriko diren Garaira. "Hasieran, Euskal Herritik kanpoko jendea zen etortzekoa: Madrildik, Kataluniatik edo Murtziatik. Erreserba luzeak egin zizkiguten, lauzpabost egunekoak. Baina Autonomia Erkidegoetatik irteteko debekua ezarri zenean erreserba guztiak bertan behera geratu zitzaizkigun", azaldu du Jasone Gezuragak, Garaiko Landetxeko arduradunak. "Orain gaba bateko edo biko erreserbak ditugu, Euskadiko herritarrenak. Iraupen laburragoko erreserbak dira eta bikote gazteenak dira asko", azpimarratu du.
Handik gertu, Oar Cottage landetxean, berdintsua da egoera. "Joan den asteburuan, Aste Santuari eta oraingo zubi honi begirako hainbat erreserba sartu zitzaigun. Gaba bateko edo biko erreserbak dira gehienak. Erantzun ona izaten ari gara. Bizkaitarrak dira gehienak, Leioa eta inguru horietako herritarrenak. Igartzen da herritarrak irteerak egiteko gogotsu daudela", azaldu du Oar Cottage landetxeko Carmen Cuestak.
Garaiko landetxeetako kideek baikortasunez ikusi gura dute uda eta datorren urtea.