Garaiko Udalak auto elektrikoak kargatzeko gune bat atondu gura du

Ekaitz Herrera 2021ko mar. 17a, 10:06

Garaiko Udalak jasangarritasunari begirako pausoak ematen jarraitu gura du. Hainbat dira esku artean dituen proiektuak, eta Erramun Osa alkateak euretariko bat zein izango den aurreratu du.

Udalak auto elektrikoak kargatzeko gune bat atondu gura du herrigunean. Osaren esanetan, umeentzako txintxaunak dauden eremuaren ondoan atonduko litzateke gunea, ondoko partzela batean. Oraindino ez dute data zehatzik finkatu instalazioa egiteko, baina aurten egingo dela aurreratu du alkateak.

Gune hori egiteak beste mugarri bat ipiniko du Garaiko Udalak jasangarritasunaren alde hartutako bidean. Gune berriak gas emisioak gutxitzeko tresna bat eskainiko du. "Klima aldaketari buruz gabiltzanean, badirudi kanpora begira ari garela. Iruditzen zait gure zilborrari begiratu behar diogula, esanez, zer egin dezakegu guk? Txikitik bada ere, egin dezakegun hainbat gauza dago emisioak murrizteko edo ingurumen kalteak konpontzeko", azaldu du Osak. "Guk geuk hartu behar ditugu halako erabaki txikiak. Horrek aukera ematen diela besteei txipa aldatzen laguntzeko? Bada, primeran", gehitu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!