Domeka honetan San Anton eguneko erremata egingo dute Garaiko frontoian

Anboto 2021ko urt. 15a, 11:00

Garaiko frontoia gertu dago San Anton eguneko erremata tradizionala hartzeko. Urtero Elizaberrin egin izan dute ohiturazko enkantea, baina, aurten, osasun neurriengaitik eliza txiki geratu daitekeela-eta, frontoian egitea erabaki dute.

"Dagoeneko prest dugu dena, baita hartu beharreko neurriak ere. Eserlekuak bereiztuta ipini ditugu, 70 edo 75 bat. Herritarrak ate batetik sartuko dira frontoira, eta bestetik irtengo dute handik. Horrez gainera, errematara aurkezten diren produktuak poltsa indibidualetan batuta egongo dira", azaldu du Lazaro Milikua garaitarrak. Berak egin izan ditu azken urteotako bitartekari lanak, eta domeka honetan ere bera ibiliko da produktuen enkatea zuzentzen eta herritarren arteko lehia sustatzen.

Diru zati bat, Caritasentzat
Ekitaldia domeka honetan izango da. Meza egongo da lehenengo, eta erremata egingo dute gero. Meza bera ere frontoian izango dela aurreratu du Milikuak. "11:30ean hasiko da meza eta amaitutakoan hasiko da erremata", gaineratu du. Aurten batutako diruaren zati bat Caritas elkarteari emango diote. Beste zati bat parrokiarako gordeko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!