Garaiko udaletxean eta kultura etxean eguzki panelak ipiniko dituzte

Ekaitz Herrera 2020ko abe. 8a, 08:46
Artxiboko irudia.

Aho batez eta energia berriztagarrien aldeko apustua eginez. Garaiko Udalak 2021erako aurrekontuak onartu ditu, bertan energia garbiagoen alde egiteko asmoa islatuta. Udalak eguzki panelak ipiniko ditu bere eskumenekoak diren eraikinetan, hau da, udaletxean eta kultura etxean. 25.000 euroko diru partida ipiniko du horretarako.

Ez da egitasmo isolatua izango. Udalak beste aurreikuspen batzuk egin ditu klima aldaketaren aurkako konpromisoari lotuta. Datorren udazkenean zuhaitzak landatuko ditu 14 futbol zelairen pareko azalera batean. Zuhaitz autoktonoen eta hazkunde moteleko zuhaitzen (haritzak, pagoak, gaztainondoak, lizarrak...) azalera beste 9 hektareatan handituko du, eta pinu espezieak dibertsifikatuko ditu 5 hektareako beste azalera batean. Azken horietan, jasangarriagoak diren pinuak sartuko dituzte, itsas eta japoniar pinuak esate baterako. Udal iturriek azpimarra berezia egin dute eukaliptoan. Herri basoetan ez dela eukaliptorik landatuko aurreratu du udalak, "espezie horrek ondorio larriak eragin litzake-eta ingurumenean".

Beste proiektuak
Garaiko Udalak beste hainbat lan ildo zehaztu ditu datorren urteari begira. Udal tasa eta zerga guztiak dauden-daudenean utziko ditu 2021eko ekitaldian. Lehendik dagoen enplegu publikoari eutsiko dio eta sustapen politikak garatuko ditu udalerriko jarduera ekonomikoa bultzatzeko. Azpiegitura publikoak hobetzeko jarduketen artean, ur-hornidura hobetzeko lanak nabarmentzen dira. Beste lan batzuk irisgarritasuna eta bide-segurtasuna hobetzeko lanei lotuta daude. San Migel nagusien elkarteari edo triatloi taldeari lotutako diru partidak ere badaude aurreikusita.

Guztira, 699.950 euroko aurrekontuak izango dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!