Landa eremuan bizitzea
Itxialdiak ekarri duen ondorioetariko bat da kaletarrek ohi baino modu agerikoagoan balioetsi dituztela landa eremuaren onurak. Garaiko alkate Erramun Osak gogoeta txiki bat egin du horren harira. Adierazi du pandemiaren aurretik Garai bazela inguruko herritarren gozamenerako leku, eta horregaitik azpimarra egin du landa eremuko herriak zaintze horretan. Bisitariei eta instituzioei egin die deia. "Landa eremua ez da aisialdi tokia bakarrik. Bizitokia ere bada. Eta, horregaitik, gainerako herrietan dauden zerbitzu berdinkideak eskatzen ditugu", dio. Mugikortasunari lotutakoak nabarmendu ditu Osak, Garain berezko osasun edo hezkuntza zerbitzurik ez dagoela kontuan hartuta adibidez. Baita ohikoak diren argindar arazoei lotutakoak ere. "Landa eremua bizi bada, bertan bizi direnek zaintzen dutelako da hori. Herritarrek, baserritarrek. Eta herritarrak bertan lekutu daitezen, ezinbesteko zerbitzuak bermatu behar dira", esan du.