Garaiko Udalak Momoitioko askaldegiak eta aparkalekua zarratu ditu

Ekaitz Herrera 2020ko urr. 26a, 12:42

"Erabiltzaile batzuen gizalegearen aurkako jarrera dela eta", Garaiko Udalak Momoitioko San Juan ermitaren eremua zarratzera behartuta ikusi du bere burua. Azken boladan, erabiltzaile batzuek gauez jaia egiteko erabili izan dituzte inguruok.

Garaiko Udalak jakinarazi duenez, Momoitiko askaldegiak "biltzeko eta jai pribatuak egiteko leku bilakatzen ari dira". Jai horietako asko goizaldeko ordu txikiak arte izaten direla eta bizilagunen atsedena larriki oztopatzen duela nabarmendu du udalak. "Osasun agintarien gomendioak betetzen ez dituzten erabiltzaileak dira horiek. Gainera, hondakinak eta zaborrak botatzen dituzte ingurunean, nahiz eta udalak horretarako edukiontzi bat izan", adierazi du.

Askaldegien eremua eta aparkalekua behin-behinean zarratu dituzte. Udalak Ertzaintzari laguntza eskatu dio ingurune hori-itxiera aldian erabili ez dadin, bereziki etxeratze-aginduak ezarritako ordutegiaren barruan.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!