[ARGAZI GALERIA] Haizeteak 100 urte baino gehiagoko arteak bota ditu Garain

Ekaitz Herrera 2020ko urr. 21a, 16:26

Atzoko eta goizaldeko haizeteek kalte nabarmenak eragin dituzte Garain. Haizeak Momoitioko San Juan ermitaren inguruko arteak bota ditu. Horietako batzuek 100 urte baino gehiago dituzte. Aiartza, Urien eta Milikua inguruetan ere beste hainbat kalte egon dira. Herritarrak argindarrik barik egon dira ordu luzez.

Garaiko Udalak jakinarazi duenez, azken orduotako haizeteek kalte nabarmenak eragin dituzte herrian. Haizeak hainbat arbola bota ditu. Arteak, pagoak eta haltzak bota ditu, besteak beste. Garaiko herria eta Abadiñoko Gerediaga auzoa batzen dituen bidea arrastoz beteta iratzartu da. Garai eta Berrizko Sarria auzoa lotzen dituen bidea, berriz, zarratuta egon da une batez, arbola batzuk jausi direla eta. Uneotan, bideok zabalik daude, udal zerbitzuek arbolak erretiratu eta inguruak garbitu ostean.

100 urteko arteak Momoition

Tamalez, Momoitioko San Juan ermitaren inguruko hainbat arte bota ditu haizeak. Horietako batzuek 100 urte baino gehiago zituzten. Arbolek ondoko baserri baterako sarbidea ere oztopatu dute.

Argindarra ere kaltetu du haizeak. Goizaldeko 02:20ak aldera argindarrik barik geratu dira herrian. Haizearen eraginez, arboletako bat argindar kable gainera jausi da. Udal beharginak lehen ordutik aritu dira arazoak konpontzeko lanetan. 11:30ak aldera argindarra itzuli da herrira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!