Garaiko Udalak herriko ur-hornidura hobetzeko lanak hasiko ditu

Ekaitz Herrera 2020ko ira. 8a, 09:00

Mantentze eta hobekuntza lanak egingo dituzte herriko bi ur-biltegitan, Solagarain eta San Migelen. Urrestiko ur-biltegia bertan behera utziko dute. Lanak egin ahal izateko hainbat ur-mozketa egingo dituzte.

Garaiko Udalak herriko ur-hornidura hobetzeko lanak hasiko ditu. 51.000 euro bideratuko ditu herriko hiru ur-biltegietan mantentze eta hobetze lanak egitera. Udal iturriek azaldu dute "uraren kalitatearen kontrola osasungarritasuna" hobetezko helburuz egingo direla lanok. Horretarako hainbat ur-mozketa egingo dituzte baina Garaiko Udalak azaldu du etendurak egin baino lehen herritarrak abisatuko dituztela. Eguraldiaren arabera, lanek hiru hilabete baino gehiago iraungo dute.

Egingo diren lanak zeintzuk diren azaldu du Garaiko Udalak. Hauetako batzuk dira: Solagaraiko ur-biltegian mantentze lanak eta klorazioari lotutako lanak egingo dituzte. Besteak beste altzairu herdoilgaitzezko arotzeria berria instalatuko dute, eta automatizatu egingo dute klorazio sistemaren aztertzaile-kontrolagailua. San Migeleko ur-biltegian hustubidea aldatuko dute aldian-aldian egin behar diren garbitze-lanak errazteko. Altzairu herdolgaitzezko iragaztontzia ere instalatuko dute.

Urrestiko ur-biltegia, bertan behera

Garaiko Udalak Urrestiko ur-biltegia zarratuko du "osasun-agintariek emandako gomendioei jarraituz". Biltegiaren tamaina oso txikia dela, eta hornidura sareari biltze edo metatze-maila interesgarririk ematen ez diola azaldu dute. "Zaildu egiten du uraren kalitatearen maila onargarriari eustea". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!