Garaiko tabernetan eta landetxean baliatu ahal izateko deskontu-bonuak kaleratu ditu udalak

Ekaitz Herrera 2020ko uzt. 14a, 09:35
Garaiko landetxeko egongela.

Herriko ostalariak eta landetxeak laguntzeko hiru neurri hartu ditu Garaiko Udalak. Itxialdiko tasak murriztuko dizkie, 500 euroko zuzeneko laguntza izango dute eta kontsumoa pizteko deskontu-bonuak kaleratuko dituzte.

Herriko ostalaritzari bultzada bat emateko hiru neurri zehatz hartu ditu Garaiko Udalak. Batetik, itxialdian zehar negozioa zarratuta eduki behar izan duten ostatuen eta landetxeen zergak arinduko ditu. Bestetik, 500 euroko zuzeneko laguntza bana emango die. 2.000 euroko diru-partida prestatu du horretarako.

Deskontu bonuak

Udalak hartu duen hirugarren erabakia 'Garai biziarazi bonuak' kaleratzea izan da. Herriko jarduera ekonomikoa bultzatu gura dute horiekin. Bi motatako bonuak izango dira. Herriko jatetxeetan erabili ahal izateko bonuak izango dira batzuk eta Garaiko landetxea bisitatzen dutenen. 

Lehenengoaren kasuan, bezeroak 25 euroan eskuratu ahalko du bonua, gero, 45 euroko kontsumoa egin ahal izateko. Bigarrenaren kasuan 35 euroan erosi ahalko da txartela, ondoren, 65 euroko kontsumoa egiteko. Garaiko Udalak 11.300 euro baino gehiago bideratuko ditu egitasmo horretara.

Bonuak eskuratzeko udaletxera jo beharko da. Egitasmoa 2020ko abenduaren 31ra arte izango da martxan, bonuak agortu bitartean. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!