Garaiko Udalak oinezkoentzako hiribide lez izendatu du Kurutzondotik hilerrira arteko tartea

Ekaitz Herrera 2020ko uzt. 8a, 09:29

Ibilgailuen zirkulazioa debekatuta egongo da aurrerantzean, Garaiko Udalak beren-beregi baimendutako kasuetan izan ezik. Bertatik zirkulatzeko baimena dutenek sistema telematiko bat erabili beharko dute.

Ibiltarien segurtasuna, lasaitasuna eta pasabidearen beraren mantenua ziurtatzeko asmoz, Garaiko Udalak oinezkoen erabilerara mugatu du Kurutzondotik San Migel elizara doan pasabidea. Erabaki honegaz, Garaiko Udalak amaiera eman gura die pasabidean egin ohi diren arau urraketei. "Arauak behin eta berriro urratzen dira gaur egun", azaldu du udalak. "Ibilgailuak etengabe zirkulatzen ari dira Kurutzondotik hilerrira doan bidetik zehar, edozein ordutan zirkulatu ere, bereziki, Kurutzondotik San Migel elizara doan tartean, eta gertaera horrek arriskuan jartzen ditu oinezkoen segurtasuna, igarotze lasaia, bai eta azpiegitura horren mantenua ere. Ondorioz, behar-beharrezkoa izan da arau horiek guztiak berrikustea, eta arauak bete ez edo urratuko balira, neurri hertsatzaileak ezartzea". 

Hain zuzen ere, 1996ra egin behar da atzera auzia testuinguruan kokatzeko. 1996ko ekainean pasabidea ibilgailuei zarratzeko lanak egiten hastea adostu zuen osoko bilkurak. Gertatzen dena da, ordutik hona, Garaiko Udalaren esanetan, arau hausteak egon izan direla beti. Orain arte indarrean egondako udal ordenantza aldatu du, aldez aurretik, herritarren, ereabiltzaileen eta erakunde ororen iritzia jasota. 

Txartelak eta sistema telematikoa

Udalaren baimenik eduki ezean ezingo da pasabidea ibilgailuren batekin igaro. Sistema telematiko bat ipiniko dute indarrean eta bertatik zirkulatzeko baimena dutenek txartel bat edo mugikorretan ipiniko den aplikazio bat erabili beharko dute. Baimendutako ibilgailuen zirkulazioa zamalanetara mugatuko da, eta bestelako erabilerarik egin gura izanez gero, Garaiko Udalari jakinarazi eta arrazoitu beharko zaio. Zirkulazioa debekatuta dagoen seinalea ere ipiniko du udalak, pasabidean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!