Garaiko jaiak eta udalekuak bertan behera uztea erabaki du udalak

Ekaitz Herrera 2020ko eka. 18a, 10:52

"Pena handiz", baina osasun-neurriak betetzeko zailtasunak direla-eta, Garaiko udalbatza osatzen duten kide guztiek aho batez hartu dute erabakia. Alternatiba modura, urteko bigarren seihilekoan ekitaldi txikiren bat antolatzea gura du udalak.

Herriko jaietan zein udalekuetan osasun-neurriak bermatzea ezinezkoa dela iritzita, Garaiko Udalak gazteei zuzendutako udalekuak eta herriko jaiak bertan behera uztea erabaki du. "Distantzia fisikoa gordetzea, ekitaldietara hurreratzen diren pertsonen kopurua zaintzea eta garbitasuna mantentzea bermatu ezin diren irizpideak" direla baloratu du udalak, "are gehiago udalerri txiki eta, bitartekoen aldetik, urri dabilen batentzat". Horrela, "pena handiz", umeei eta gazteei zuzendutako udalekuak eta herriko jaiak (uztailaren 25etik 31ra bitartean ospatzekoak ziren) bertan behera uztea erabaki du.

Bideragarritasun txostena

Garaiko udalbatza ekainaren 15eko osoko bilkuran batu zen. Bertan, aurrerantzean hartu beharreko berehalako neurriei buruzko txostena onartu zuten, Erramun Osa alkatearen proposamenez. Txostenak, jarduera ekonomikoa berreskuratzeko orientabideak, eta, diru-bilketaren jaitsieraren ondorioz, Garaiko Udalaren bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko irizpideak jasotzen ditu.

Udalak azaldu duenez, uneotako kezka eta lehentasun nagusia herritarren osasuna zaintzea da.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!