San Migel auzoko jolas eremua berritzeko lanak hasi ditu Garaiko Udalak

Ekaitz Herrera 2020ko api. 28a, 09:47

Hiru izango dira berrikuntza nagusiak: hondatuta dauden txintxaunen zatien ordez berriak ipiniko dituzte, gomazko lurra berrituko dute, eta jolas-gunearen kanpoaldean itxitura bat ipiniko dute. Dena ondo bidean, maiatzaren bigarren asterako amaituta egongo dira lanak

Garaiko Udalak azaldu du txintxaunetako batzuk usteldu, hondatu eta makaldu egin direla denboraren poderioz. Eremuaren azpiko lurrari buruz ere, beste horrenbeste gertatu dela azaldu du. "Duela hamabi bat urte ipini zen gomazko lurra ere ez dago oso egoera onean, lurraren zatirik handiena askatu egin baita, xaflen arteko tartea handitu da eta, horregatik, ingurua arriskutsua izan daiteke umeentzat erabiliz gero". Arrazoi horiek guztiak tarteko, berriztatze lanak martxan ipini ditu udalak.

Hondatuta dauden txintxaun zatien ordez, berriak ipiniko dituzte. Eremuaren zorua berriztatu eta gomazko lur berria ipiniko da, "gaur egunean indarrean dagoen araudia" bete eta umeen segurtasuna ahalbidetze aldera. Umeen jolas eremura animaliak-eta sar ez daitezen, koloretako itxitura bat ipiniko dute. Azkenik, eremua "sendo" garbituko duela azaldu du udalak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!