Garaiko ludoteka zerbitzua txokolate tailerragaz zabalduko dute bariku honetan

Ekaitz Herrera 2020ko ots. 27a, 17:22

Garaiko  umeek txokolate tailer bategaz inauguratuko dute bihar hastekoa den ludoteka zerbitzua. Berbaro elkartea izango da tailerra eskaintzearen arduraduna, eta Garaiko 12 bat umek parte hartuko dute. Egitasmoaren sustatzailea Garaiko Udala da.

Berbaroko kide Eneko Iraetak txokolate lantegiaren inguruko xehetasunak eman ditu: "Ekintza bi egingo ditugu. Alde batetik, edateko txokolatea pintura modura erabiliko dugu. Hau da, pintzelak txokolatetan bustita, margolan handi bat egingo dugu". Behin margolana amaituta, sukalde lanetan ere ipiniko dituzte umeak. Txokolatezko tarta bat egingo dutela aurreratu du Iraetak, "denen artean".  Tailerra 16:00ak aldera hasiko da, eta 19:00ak aldera amaituko dute.

Datozen egitasmoak

Berbaro elkarteak hilean behin eskainiko du Garaiko ludoteka zerbitzua, eta ekainera arteko egitaraua izango du. Xehetasun guztiak zarratu barik dituzten arren, etorriko diren aisialdi ekintzen aurrerapen bat egin dute. Martxoan olinpiada tankerako jolasak egingo dituzte, eta ortuarien lanketa egingo dute apirilean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!