Garaiko toponimia-mapa berritzeko ikerketa-beka martxan ipiniko du udalak

Ekaitz Herrera 2020ko ots. 3a, 10:24

Ikerketaren bidez, Garaiko etxe, baserri, mendi, bide, erreka eta auzoen izendegia "jaso, zaindu eta normalizatu" gura du udalak. Izan ere, indarrean dagoen toponimia-mapa 2008koa da, "zenbait akats ditu", eta, ondorioz, "zaharkituta" gelditu da udal iturrien esanetan. 

Aurtengo aurrekontuen diru-partidetako bat da ikerketa beka, eta trukean 2.250 euroko jasoko ditu onuradunak. Ikerketara edozein norbanako aurkeztu ahal izango da, betiere, deialdian markatutako baldintzak betetzen baditu. Bekarako baldintzak Garaiko Udalaren web orrian zein Bizkaiko Aldizkari Ofizialean ipiniko dituzte kontsultagai, besteak beste.

Aurkeztutako proiektuak epaimahai batek ebaluatuko ditu. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako kide batek, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak izendaturiko ordezkari batek, Gerediaga elkarteko ordezkari batek eta Euskaltzaindiko ordezkari batek osatuko dute epaimahaia. 

Halaber, udal iturriek aurreratu dutenez, Garaiko Udalak eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmena izenpetuko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!