Ibilgailuen abiadura moteltzeko pasabideak eta seinaleak ipini dituzte Garain

Anboto 2019ko abe. 30a, 13:09

“Herritarren eskariari” erantzunda, herria zeharkatzen duten ibilgailuen abiadura moteltzeko neurriak hartu ditu Garaiko Udalak. Erramun Osa alkatearen berbetan, neurrien asmoa da “abiadura bizian” doazen ibilgailuei abiadura moteldu beharra eragitea.

Herrigunean, oinezkoentzako pasabide berri bi ipini eta egoera txarrean zeuden beste lau zebrabide margotu dituzte. Errepide gaineko beste hainbat seinale ere margotu dira.

Abiadura moteltzeko ‘mando-bizkar’ direlako sei gailu ipini dituzte herriko hainbat puntutan, hala nola, Santa Katalinatik beheranzko bidean, herrigunearen hasieran, erdialdean eta Momoitio auzoaren inguruetan. 

Gehienezko abiadura 30 kilometro ordukoa izan daitekeela dioten seinale berriak ere ipini dituzte herrigunean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!