Herriko tabernan, auzo bideetan eta ur-horniduran hobekuntzak egitea izango dira Garaiko Udalaren lan-ildoetako batzuk aurrerantzean

Anboto 2019ko abe. 16a, 21:16

2020ko aurrekontuak aho batez onartu dituzte Garain, gaur egindako osoko bilkuran. Guztira, 624.800 euroko aurrekontua onartu dute. Herriko ahozko ondarea jasotzeko proiektua martxan ipintzea, toponimia azterlana eguneratzea, tokiko zuhaitz espezieen hedadura handitzea edo herriko elkarteei emandako diru-laguntzak handitzea aurreikusten dute aurrekontuek.

Aho batez. EAJren eta Herriko Taldearen babesagaz onartu dira 2020ko Garaiko aurrekontuak. Inbertsio nagusien artean, hainbat proiektu nabarmentzen dira: Batetik, Solagarai, San Migel eta Urrustiko ur-biltegietan konponketa lanak egitea aurreikusten da (40.000 bat euro guztira). Bestetik, Herriko tabernan hobekuntzak egingo dituzte bertako isolamendua hobetzeko eta hezetasunak konpontzeko. Udal langileentzako aldagelak ere ipiniko dituzte eta bizikletak garbitzeko leku bat atonduko da. Auzo bideen konponketetarako eta mantenu lanetarako, berriz, 38.000 euro inguru bideratuko dituzte.

Kultur jarduerak indartzeko asmoa

Garaiko kultur taldeei eskainitako diru-laguntzak handitzea onetsi du udalbatzak. Gainera, Gerediaga elkarteak antolatu ohi duen Euskal Herriko Artzain Txakurren txapelketa, 2020an, Garain antolatuko dela aurreratu dute. Orain arte Axpen (Atxondo) egin izan dira txapelketak, baina, udalak ohar batean jakitera eman duenez, “helburua da bi urtean behin” txapelketa Garain jokatzea, Axpegaz tartekatuta.

Aurrekontuek, orotara, 624.800 euroko diru-kopurua dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!