“Izagirre anaiak, Luis Leon Sanchez eta Omar Fraile datoz Garaiko ziklo-krosera”

Anboto 2019ko aza. 22a, 17:00

Txarra onerako akuilu lez erabili du Ander Azpitartek. Minbizia diagnostikatu ziotenean, sentitu zuen ezin zuela gehiago itxaron bere betiko ametsa gauzatzeko: Garain ziklo-kros proba bat antolatzea. Lagunei komentatu eta denak buru-belarri lanean hasi ziren ordura arte berbak bakarrik zirena errealitate bihurtzeko. Orain, gaixotasuna atzean utzita, garaitarrek bere lehenengo ziklo-kros probagaz gozatuko dute zapatuan. 

Ziklo-kros proba antolatzea ez da kasualitatea. Zu eta zure hainbat lagun txirrindulari ohiak zarete.
Bai, kuadrillakoei eta niri beti gustatu izan zaigu txirrindularitza. Ni 2006ra arte ibili nintzen. Lesioengatik utzi nuen, eta oso sakrifikatua zelako. Eguneko 24 orduetan izan behar duzu bizikleta gogoan, eta horrek nekatu egiten du. Oso gogorra da. Gainera, sasoi hura nahiko iluna izan zen txirrindularitzan, dopin kasu asko irten zirelako. Txirrindularitzan zabiltzala esan, eta, "hara, beste dopatu bat" eta antzerakoak entzun behar! Txirrindularia susmopean zegoen beti.

Eta zuk zeuk betidanik gura izan duzu Garain ziklo-kros proba bat antolatu. Zure amets bat ei zen.
Garain ziklo-kros proba bat antolatzea urte askoan izan dut buruan, bai. Beste mota bateko probak antolatu izan ditugu, baina ziklo-kros probarik ez.

Zelan gorpuztu da beti buruan izan duzun asmo hori?
Ziklo-krosaren ideia plazaratzen nuen bakoitzean, lagunek lar ameslaria nintzela esaten zidaten. Esatetik egitera pasatzeko, zerbait gehiago behar da. Sarritan, nagitasunagatik ez dira gauzak aurrera ateratzen. Une batean, gaixotasun bat diagnostikatu zidaten: barrabiletako minbizia. Kolpe gogorra izan zen. Ez dut erretzen, edan ere gutxi, kirola egiten dut… Zergatik niri? Horrelakoak pentsatzen dituzu. Hasieran ez nekien zer motatako tumorea zen. Probak egin behar zizkidaten. Gauzak horrela, lagunei zer neukan kontatu eta esan nien: "Begira, ez dakit zer etorriko den hemendik aurrera, baina nik Garaiko ziklo-krosa martxan ikusi gura dut. Behintzat hori ikusi gura dut, eta gero, datorrela datorrena". Lagunen babes osoa jaso nuen. Inflexio puntu bat izan zen ekimena aurrera eramateko.

Ziklo-kros proba aurrera doan moduan, esan dezakegu gaixotasuna atzean geratu dela?
Oraingoz, bai. Abenduan proba gehiago egin behar ditut, baina ondo sentitzen naiz. Sustoren bat ere izan dut. Izan ere, edozer gauza gertatzen dela ere, gaixotasuna berriro datorrela pentsatzen duzu, baina gero esaten dizute ez dela ezer, eta berriro ondo. Baina egun guztian buruan darabilzu, eta lehen hainbeste baloratzen ez zenituen gauzak baloratzen hasten zara: maite dituzun horiekin denbora gehiago pasatzea eta antzerakoak.

Daramazun bibotea ez da kasualitatea.
Ez, ba! Movember mugimenduagatik da. Prostata eta barrabiletako minbiziaren inguruko kontzientziazioan sakontzea du helburu mugimenduak. Urtero azaroan bibotea uztea gaia gizarteratzeko modua da. Prebentzioan egiten du indarra. Bizikletan nenbilenean, igartzen nuen zerbait, baina ibili ez banintz, ez nuen sumatuko beharbada.

Gaixotasuna garaiz detektatzea garrantzitsua da.
Hori da, eta arlo horretan kontzientziazio lana egin behar da.  Ziklo-kros egunean, txozna bat jarri eta bertan itsulapiko bat ipiniko dugu. Ateratzen dugunaren erdia Movember fundaziora joango da, eta beste erdia Acambi elkartera. Emakumeen bularretako minbiziaren inguruan lan egiten duen elkartea da Acambi.

Orain urte batzuk triatloi proba bat antolatu zenuten, ondoren mendi lasterketa bat ere bai, eta orain ziklo-krosa. Zenbat saltsatan sartzen zareten!
Eta horrela jarraitu dezagula! Garain ez dago komertziorik beste herri batzuetan lez, eta horrelako herriei bizia eman behar zaie, bestela lo-hiri bihurtzen dira.

Zapatuko ziklo-kros proban Bizkaiko txapeldunak erabakiko dira. Zelan lortu duzue estreinako urtean Bizkaiko txapelketa ekartzea?
Bizkaiko federazioko presidenteagaz berba egin nuen, Agus Ruizegaz. Zirkuitua ikustera etorri zen, eta ikusi zuenean esan zidan: "Hau Bizkaiko txapelketa izan behar da!". Lehenengo aldia denez, guri bultzakada bat emateko modua ere badela esango nuke.

Zeintzuk berezitasun ditu Garaiko zirkuituak?
Beste zirkuituekin alderatuta, apur bat desberdina da. Arboladietan zehar doazen tarteak ditu, beste une batean belardi zabalak daude, aldats gorak eta aldats beherak… .

Garain dauden aldatsak kontuan hartuta, ibilbide gogorra da?
Denek berdina esaten digute, nahitaez gogorra izan behar duela. Ba, begira, alde batetik bai, baina beste alde batetik ez. Izan ere, aldatsik gehienak zoru gogorretik igotzen dira, zementutik eta asfaltotik, eta ziklo-krosean landetakoak izaten dira igoerarik gogorrenak, erruberak laban egiten duelako. Badu desnibela, eta gogorra da, baina ziklo-krosean dabilena moldatuko da. Zirkuitu luzea eta azkarra da.  Hainbat zatitan lur pribatuetatik doa eta, zorionez, alde horretatik zorte handia izan dugu. Lur pribaturik gehienak Lander Loizate herrikidearenak dira eta bera oso ilusionatuta dago ziklo-kros probagaz. Asko lagundu digu.

Zer aurreratu dezakezu parte-hartzaileei buruz?
Maila guztiak kontuan hartuta, 300 bat partaide batuko dira. Lagun bati eskerrak, Astana taldeko lau ziklista etorriko dira: Jon eta Gorka Izagirre, Omar Fraile eta Luis Leon Sanchez. Caja Rural taldeko Jonathan Lastra ere badator. Denak errepideko txirrindulariak dira eta ziklo-krosa prestakuntza moduan erabiltzen dute neguan. Master mailako lehenengo probak 09:30ean hasiko dira. Ondoren, kadeteen eta juniorren txanda izango da. Emakumeen proba 11:15ean hasiko da, eta gizonena 12:30ean.

Zuk zeuk parte hartuko duzu?
Ez, aurten ez dut lizentziarik atera. Egon naiz ateratzekotan, baina denbora asko daramat bizikleta ikutu barik. Bizikletan ibiltzeko neukan denbora beste gauza batzuetarako erabili dut: batzarrak egiteko, babesleak bilatzeko, muntaketan laguntzeko... Ziklo-kros probak laburrak izaten dira, baina oso intentsoak, eta entrenatuta egon behar duzu. Gainera, antolaketa taldean egonda, uste dut egun horretan gehiago disfrutatuko dudala kanpotik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!