Aiartza auzoko horma eta bide inguruak konpontzeko lanak hasiko ditu Garaiko Udalak

Ekaitz Herrera 2019ko aza. 14a, 11:07

Aurtengo urtarrilean kaltetu ziren guneak konponduko dira. Urtarrilean izandako euri-jasen ondorioz herri-bideak hondatu ziren Aiartza auzoan, Beratu eta Milikubizker baserri inguruetan. Aurreikuspenen arabera, azaroaren 18an hasiko dira lanak.

Hiru izango dira udalak martxan ipiniko dituen lanak. Batetik, herri bidearen iparraldean dagoen lur-mendoitza egonkortzeko lanak egingo ditu. "Erortzear dagoen murrua, 200 bat metro luze dena", botako dute, eta hormigoizko murru berria ipiniko dute haren ordez, udalak ohar batean jakitera eman duenez. Bestetik, mendialdetik datozen urak batu eta bideratzeko lanak egingo dituzte ura pilatzea ekiditeko. Eta, azkenik, kaltetutako bidea konpondu eta asfaltatuko da.

Udalak azaldu duenez, konponketek iraun bitartean, "inguruan bizi diren herritarrek eta bide hori baliatzen dutenek beste bide batzuk erabili beharko dituzte eremu horretara hurreratzeko". Aurreikuspenen arabera, azaroaren 18an hasiko dira konponketa lanak. Dena ondo bidean badoa, bizpahiru hilabetetan konponduta egotea gurako luke udalak. 

Harrizko murru bat jaustea eta beste batek egonkortasuna galtzea eragin zuten urtarrileko luiziek. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!