"Mimo handiz prestatzen ditut otzarak, astero, hurbiletik elikatzea posible dela erakusteko"

Aitziber Basauri 2019ko urr. 6a, 10:00

Ortu txiki bat landuz hasi zuen bidea Ana de la Mazak, orain lau urte, eta apurka-apurka proiektua gorpuztea lortu du. Sasoiko produktua landatzeko, 1.000 metro koadroko ortua du Garaiko Goierri auzoan, eta fruta-arbolak landatu ditu. Urrian, Garai Kontserbak izenagaz produktua merkaturatuko du, Durangoko eta Iurretako denda txikietan. Bertako eta sasoiko produktuekin otzarak prestatu eta saltzen ditu.

Noiztik egiten dituzu kontserbak?
16-18 urtegaz lehenengo saiakera egin nuen ortua lantzeko, lagun talde bategaz, Derion, janaria guk geuk lortzeko amets hori betetzeko. Gerora, hiru lagun elkartuta, berriro egin genuen lurra lantzeko apustua. Proiektu polita sortu genuen Erandion.

Garai Kontserbak enpresa sortu berri duzu orain. Erronka handia izan da.
Bai. Txikiak gara eta apustu handia izan da. Orain arte, etxerako edo lagunentzat egin ditut kontserbak eta marmeladak, eta orain, merkaturatu egin gura ditut. Harrera ona dutela ikusita, saltoa egin gura nuen. Osasun berme guztiak lortu ditut eta ahal dudan neurrian asetuko dut eskaria. Duten harrera ikustea da orain erronka, eta denbora eta etekinak ekonomizatzea.

Otzarak prestatu eta saltzen dituzu.
12 familiak osatutako sare txikia dut. Mimo handiz prestatzen ditut otzarak, astero, eta gure inguruan ekoizten diren ahalik eta produkturik gehien eskaintzea dut helburu, hurbiletik elikatzea posible dela erakusteko.

Horretarako, ekoizle sare bat lotu duzu.
Bai. Ortuan landatzen ditudan barazkiekin, egindako kontserba eta marmeladekin batera, Iurretako ogia, Abadiñoko arrautzak, Mallabiko pasta agroekologikoa eta Garai garagardoa eskaintzen dut otzara osatzeko. Jaeneko (Andaluzia) olioa ere bai.

Zerk du arrakastarik gehien?
Sagar zukuak. Tomateek eta Ibarrako piperrek ere oso harrera ona dute. Negurako, elikadura emari oso ona dira kontserbak. Neguan, brokolia, azalorea, porruak eta gutxi gehiago eskaini daiteke. Udako ortu jeneroa, ostera, oso oparoa da, koloretsua, eta oso aukera ona kontserbak, ozpinetakoak, zukuak eta abar egiteko. Ortua laborategi bat da; lan piloa egin daiteke, eta probak egin behar dira.

Ortua bizimodua duzu lanbide baino gehiago?
Bai. Hurbileko batek behin esan zidan hemengo azken nekazaria izango naizela. Pena ematen dit. Gaurko nekazariok bizitza modernoaren beste betebehar batzuk ditugu eta korrika gabiltza. Zaila da. Baina oso pozik nago. Asko ikasi dut eta bizimodu honek asko aberastu nau.

Bada, kontsumo taldeak geroago eta zabalduago daude.
Kontzientziazio maila polita dago gazteen artean. Baina bizitza modernoa hor dago. Kontsumo taldea naturaren zikloetara egokitu behar da. Kontsumitzailea ohitu egin behar da. Bestalde, ez dago ekoizle nahikorik eskaria asetzeko. Itxaron-zerrenda dut, eta gura nuke otzara gehiago banatu, jende gehiagok hurbiletik jaten duela ikusteagatik, ahalegin hori egiten dela ikusteagatik. Baina ortuak ez du hainbesterako ematen. Ortua ez doa bizitza modernoaren erritmora.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!