Cecilia Paganini argentinarra Iurretan bizi da, eta bertan ekainean antolatutako Plazaratu Astean ere taularatu zuen Boluda Kabareta. Kasu honetan, Garaiko plaza izango da artisten elkargunea. Gorka Ganso clownak egingo ditu aurkezle lanak, eta Paganinik gorpuztuko duen Amparito pertsonaiak ikusleen barre algarak ateratzeko asmoa izango du ikuskizunean zehar.
Ituiñoren magia
Kabaretean parte hartuko duen artista ezagunetariko bat Imanol Ituiño magoa izango da. Bilbotarrak Euskal Herriko hainbat plazatan erakutsi izan du bere lana. Iñigo Arroyo Barakaldotik etorriko da, bizikleta gainean akrobaziak eta itzulipurdiak egiteko. Sara Sarinik eta Cia Orainbik zirku modalitateak erakutsiko dituzte, Paganinik iragarri duenez.
Garaiko artistak ere bai
Bestalde, aipagarria da Garaiko zenbait lagunek ere parte hartuko dutela kabaretean. Esaterako, dantzariek euren ekarpena egingo dute. Gainera, Koro Benito poeta ere badago Paganiniren gonbidatuen artean.
Horretaz guztiaz gainera, musika egongo dela azaldu du Boluda Kabaretaren antolatzaileak.