Asto Trail, aldapa gogorrak gustuko dituztenentzako lasterketa, domekan

Joseba Derteano 2018ko ira. 20a, 17:00

Asto Trail proba ez dago edonorentzat eginda. 29 kilometrotan 1.660 metroko desnibel positiboari aurre egin behar diote parte-hartzaileek. Probaren izenak gogortasun horri egiten dio erreferentzia, hain zuzen.

Baina gauza bat da ibilbidea aldapatsua izatea eta beste bat elurra mara-mara ari duela egin behar izatea. Horixe gertatu zen orain urte bi, proba estreinatu zuten urtean. Horregatik, aurtengo bigarren aldiko aldaketa nagusia data aldaketa da. Azaroan beharrean, domeka honetan egingo dute, korrikalariek eguraldi atseginagoa izango duten esperantzagaz.

Garaiko Triatloi Taldeak antolatutako lasterketa 09:00etan hasiko da, Garaiko plazan. Izen-ematea egunean bertan ere egin daiteke, proba hasi baino ordubete lehenagotik (13 euro). Izen-ematea aurretik egitea merkeagoa da: 10 euro.

Lasterketako sariak
Oizerako igoera izango da ibilbideko igoeretako bat, eta hornidura-puntu bi egongo dira indarrak harzeko. Sariei dagokienez, irabazleak 150 euro jasoko ditu. Bigarrenarentzat eta hirugarrenarentzat 100 eta 60 euro daude, hurrenez hurren.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!