Frankismoaren biktimak omenduko dituzte Garain

Markel Onaindia 2018ko uzt. 23a, 12:00

Frankismoaren biktimak omenduko dituzte Garain lehen aldiz, eta herriko jaiak aprobetxatuko dituzte helburu horretarako.

Uztailaren 25ean, biktimen omenezko oroigarri bat inauguratuko dute udaletxe aurrean, zenbait senide bertan direla. Udalak Gerediaga elkarteagaz batera antolatu du ekitaldia, elkarte hori ibili baita biktimen inguruko informazioa aztertzen.

Gerediagako Jon Irazabal ikerlariak kontatzen duenez, garaitar bi hil ziren Durangoko bonbardaketan, 1937ko martxoaren 31n. Bata Miguel Zabala Mazaga 23 urteko gudaria, Emaldi baserrikoa, eta bestea goiz hartan azokara bajatu zen Maria Narbaiza Ogiza 16 urteko gaztea, Beratugoikoa baserrikoa. Gainera, gerran desagertu bat egon zen, Tomas Otaolea Areitio, Arteazahar baserrikoa. Gerraostean kartzelara bidalitako hamabost bat lagunen zerrenda ere osatuta dauka Irazabalek.

Garaiko gomuta ekitaldia hilaren 25eko eguerdian izango da, dantza saioaren ostean.

Jai giroan, kronoigoera herrikoia
Aurtengo nobedadeetako bat kronoigoera herrikoia izango da, uztailaren 30ean. Ideia bitxi honen jatorria aspaldikoa da, urteak atzera Trumoitte ingururaino ere lasterketa bat egiten ei zelako. Azken urte hauetan ideiari bueltaka ibili dira jaietako antolatzaileak, eta oraingoan aurrera egin dute. Plazatik hasi eta Santa Katalinako ermitaraino kronoigoera egingo dute, bizikleta gainean herritarrik onena zein den erabakitzeko. Parte hartu gura dutenek egunean bertan eman beharko dute izena, eta bizikleta antolakuntzaren esku egongo da.

Bestalde, dantzarako plaza izaten da Garaikoa jaietan.  Hilaren 30ean bertan, esaterako, Luhartzen erromeriagaz gozatu ahalko dute. Drindots eta Obaneuke erromeria taldeez gainera, DJ Bull, DJ Jo Ta Txo eta Storm rock taldea ere igoko dira oholtzara.

Erlazionatuak

Garaiko jai egitaraua

Anboto 2018 uzt 17 Garai

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!