VI. Landare eta Lorezaintza Azoka ospatuko dute domekan, Garain

Jone Guenetxea 2018ko api. 11a, 09:31

Garaiko landare eta lorezaintza azoka indartzen ari da urterik urte, eta apirilaren 15ean azokaren seigarren aldia izango da. Sasoiko loreak, kaktusak, landare txikiak, baserrirako erremintak... gauza ugari egongo da ikusteko eta erosteko.

10:00etatik 15:00etara, lorezaintzaren munduaz gozatzen duten ehunka lagunek aukera paregabea izango dute Garain jarriko dituzten postuak ikusteko. Guztira, 27 izango dira ekoizleak, eta horietarik 9 Durangaldekoak. Iazko nobedadeetako bat mantendu gura dute antolatzaileek: kontsigna. Izan ere, erositako landareak gordetzeko leku bat ipiniko dute, erosketa egin ostean goiza eroso pasatu dezaten bisitariek, landareak eskuetan eduki behar izan barik. Gainera, erabiltzaileen artean zozketa bi egingo dituzte: herriko jatetxe batean lagun birentzako bazkaria eta landetxean lagun birentzako gaualdia.

Urkiola Landa Garapena, Garaiko Udala eta Trumoitte elkartea ari dira azoka prestatzen, San Migel nagusien elkartearen laguntzagaz. Hainbat boluntariok parte hartzen dute ekimenean, eta guztiei eskerreak eman dizkie antolakuntzak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!