Pilotalekuko obren inbertsioa 2018ko handiena izango da Garain

Markel Onaindia 2018ko api. 10a, 10:48

90.000 euro erabiliko ditu Garaiko Udalak herriko pilotalekua berrizteko obretan, eta horixe izango da urteko inbertsiorik handiena. Udal aurrekontu ekonomikoan 134.000 euro gorde dituzte inbertsioen atalerako; beraz, kasik diruaren hiru laurdena bideratuko dute kirol instalazio hori konpontzeko.

Pilotalekuko teilatua guztiz berrizteko erabiliko dute 90.000 euroko diru partida. Oraindik aurrekontuan soilik jaso denez, denbora bat beharko da lanak hasi orduko. Proiektua lizitatu eta adjudikatu beharko du udalak lehenik.

Zarratzeko asmoa
Aipagarria da egitasmoa luzatu egingo dela etorkizunera begira. Izan ere, pilotalekua albotik zarratzeko asmoa du udalak, beste fase batean. Gaur egun, eskumako aldea libre dago, leiho edo hormarik barik. Horregatik, teilatua ondo ipintzea pauso bat da etorkizunean obra horiek egin ahal izateko.

Obragaz, kirol instalazio hobe batez disfrutatu ahalko dute garaitarrek eta baita kanpotik pilotan jokatzera doazenek ere.

Herritarrei entzunda
Gainerako inbertsioei dagokienez, 33.000 euro jasoko ditu Herriko tabernako jatetxean leihoak aldatzeko egitasmoak. Hiri Antolamendurako Plan Orokorra berraztertzen dabiltzanez, 10.000 euro ipiniko dituzte zeregin horretan jarraitzeko; datozen urteetarako herria zelan antolatu erabakiko dute plan horren bidez. Udalaren asmoen artean zenbait auzobide konpontzea ere badago, 25.000 eurogaz.

Aipagarria da ideia horiek herritarrei entzun ostean erabaki dituela udalak, aurten lehenengoz kontsultatu dituzte eta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!