Lantziegoko “senideak” bisitan etorriko dira Garaira azaroaren 4an

Markel Onaindia 2017ko aza. 1a, 09:15

2013az geroztik senide dira Garai eta Lantziego (Araba). Dantza taldeen bitartez sortu zen herritarren arteko hartu-emana duela 30 bat urte, elkartruke bat egin zutenean, eta hainbat bider errepikatu zuten. Azkenean, konexio hori ofizialtzea erabaki zuten udal biek 2013an.

Alkateek hitzarmena sinatu zuten, eta oroigarria ere ezarri zuten herrian. Orain, kasik urtero egiten dute senidetza ospatzeko jaialdia, garaitarrak hara joanda edo lantziegoarrak hona etorrita. Aurten, “senide” arabarrak izango dira bisitari Garain, azaroaren 4an.

11:30 bueltan egingo diete harrera Lantziegoko herritarrei. Autobus bete etortzea espero dute antolatzaileek. 14:30ean bazkaria egingo dute pilotalekuan. Bazkalostean, musika jartzaile batek alaituko du giroa.

Nagusien ikastaroa
Herriko nagusientzat antsietatea kontrolatzeko tailerra sortu du Amankomunazgoak. Azaroaren 2an eta 9an dira hurrengo saioak, 17:30ean, kultur etxean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!