"Garaigatik zuen maitasuna barneratu zigun amama Pilarrek"

Markel Onaindia 2017ko urr. 6a, 11:15

Gerran erbestera ihes egin behar izan zuen Zubiaurre familiakoak dira. Pilar Zubiaurre eta Ricardo Gutierrez intelektualen bilobak. Euren izena daramate bik, eta antza ere nabarmena dute. Kultura, zainetan. Aita Leopoldo Gutierrez eta ama Mercedes Garcia-Urtiagaren errautsak ekarri dituzte Mexikotik Garaira.

Zer da Garai zuentzat? Zer oroitzapen duzue?
Pilar: Amama Pilar oso gazte ginela hil zen, baina Garaigatik zuen maitasuna eta hona etortzeak ematen duen armonia barneratu zizkigun. Umetatik etorri izan gara hona, eta bera hemen egoten zen beti. Irteerak egiten genituen, lagunak etxera gonbidatzen zituen, ipuinak irakurtzen zizkigun...
Ricardo: Hau gure arbasoen habia da, gure nortasuna. Beste herrialde batzuetan hazi arren, Garai gure istorio pertsonalen parte izan da beti. Eta gure etorkizunaren parte izatea ere gura dugu.

Kulturatik asko edan duzue.
Ricardo: Denok bizi dugu artea, nahiz eta profesionalki arte ederren arloan lan ez egin. Bisualki alfabetatutako familia bat gara.
Pilar: Gauzak berdeak edo urdinak izateaz baino harago estimatze hori... Aitagaz beti joaten ginen kontzertuetara edo museoetara. Bidaiatzen genuenean beti zegoen une bat arterako.

Aita polifazetikoa zen, ezta?
Ricardo: Historia, artea, filosofia interesatzen zitzaizkion. Baina, errefuxiatuak izaki, beharrizanagatik, bizimodu bat eskainiko zion karrera bat egitea erabaki zuen, eta injineru sartu zen.

Domekan, errautsak gorde aurretik ekitaldia egin zenuten, dantzari eta guzti.
Begoña: Bai. Poema oso polit bat irakurri zen, Joseba Sarrionandiarena, eta abadeak ere oso ondo berba egin zuen.
Pilar: Udalak asko lagundu digu. Ekitaldi xume eta polit bat izan zen, hori baitzen gura genuena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!