Leopoldo Gutierrez Zubiaurreren errautsak Garain hobiratuko dituzte

Markel Onaindia 2017ko ira. 28a, 11:30

Domekan, Lepoldo Gutierrez Zubiaurre eta Mercedes Garcia-Urtiaga Torronteguiren, Leopoldoren emaztea, errautsen hobiraketa egingo dute Garain.

Aurtengo urtarrilean Leopoldo Gutierrez Zubiaurre hil zen, Garaiko Zubiaurre artisten familiaren kideetako bat, Pilar Zubiaurre idazle eta feminista zenaren semea, hain zuzen ere. Bera ere intelektual lez ulertu izan dute askok, injineru eta ekonomialari izateaz aparte. Mexikon bizi zen, eta egunotan Garaira etorri dira Gutierrezen seme-alabak, bere errautsak ekartzera; asteburuan ekitaldi xume bat egingo dute.

Pilarren aita, Valentin, musikari ezaguna izan zen. Neba bi ere eduki zituen, Ramon eta Valentin, margolari ezagunak zirenak. Senarra, aldiz, Ricardo Gutierrez kritikaria izan zen. Gerra sasoian egin zuten ihes.

Domekako ekitaldia 10:15ean hasiko da Garaiko udalak eta dantzariek elizako atarian eskainiko dioten omenaldiarekin. 10:30ean, hileta meza izango da eta ostean, Garaiko hilerrian errautsak hobiratuko dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!