Xabi Larreak ‘Filamento farolaria’ akrobazia ikuskizuna eskainiko du

Itsaso Esteban 2017ko uzt. 26a, 10:30

Uztailaren 28an, 21:00etan hasiko du Xabi Larrea antzezle bilbotarrak Garaiko jaien barruko antzerki emanaldia. Zirkuko ikuskizuna da Larrearen Filamento farolaria, farolarien aspaldiko lanbidea inspirazio iturritzat hartuta, eta klowna, mimoa, akrobaziak eta oreka uztarturik sorturikoa.

Adin guztietako ikusleei zuzenduriko ikuskizuna da Filamento farolaria, elektrizitatea asmatu aurretik munduan zeuden 631.000 farolarien lana eta zeuzkaten zailtasunak kontatzen dituena, langile haiek omendu gura dituena.

Xabi Larrearen ideiagaz eta ekoizpenagaz, Gotzon Mugikak zuzendu du Filamento farolaria, eta 2008an estreinatu zutenetik, han eta hemen aurkeztu dute.

Xabi Larrearen antzerki emanaldi horretaz edota dantza saio eta erromeriez gain, badago kulturzaleentzako urteroko beste hitzordu bat ere Garaiko aurtengo jaietan: bertso saioa. Uztailaren 30ean, 22:00etan hasita, Julio Soto, Sustrai Colina, Unai Iturriaga eta Jon Maia jardungo dira bertsotan.

Urterokoak eta garaitar eta bisitarien harrera ona duten beste hainbat ekitaldi ere ez dira faltako aurtengo jaietan: asto probak eta karta joko txapelketak, kasurako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!