Gizon eta emakume dantzariak arituko dira Erregeletan aurten

Itsaso Esteban 2017ko uzt. 21a, 13:00

Dantzarako tradizio eta zaletasun handia dago Garain, eta horrek isla nabarmena dauka jaietako egitarauan ere. Urtero-urtero, dantza tradizionalen emanaldiek hainbat aldiz betetzen dute herriko plaza dantzariz eta ikuslez, eta jaiegunetariko asko plazako erromerietan dantzan amaitzen dituzte garaitarrek eta bisitariek.

Uztailaren 24an, Donien Atxa ipini eta gero egingo dute ohiturazko azken entsegua dantzariek, 25ean eta 26an Ezpatadantza eta Erregelak dantzatuko dituzte, eta herriko dantzarien emanaldia izango da uztailaren 31 goizean ere. Iaz, emakumezko dantzariek bakarrik eskaini zituzten Erregelak, lehenengoz. Jai batzordeko kideek aurreratu dutenez, aurten Garaiko jaietan dantza hori egitera gonbidatzen dituzten eskualdeko taldeen ordezkaritzan, emakume zein gizon dantzariak jardungo dira elkarregaz plazan.

Dantzazaleen gozamenerako, Lisker, Luhartz eta Hobaneuke taldeen erromeriak jasotzen ditu Garaiko jai egitarauak. Jai batzordeko kideek azaldu dutenez, lanegun biren bezperetan egiten zituzten erromeriak ez dira izango aurten. 25ean eta 31n, ez da erromeriarik egongo.

Jaiak amaitzeko, uztailaren 31n nobedade bat proposatzen du, aurten, jai batzordeak: etxetik eramandakoagaz herriko plazan afaldu eta jaietako errifen zotz egitea ikustea.

Urte askoan arrakasta handiz egin duten jaietako tortilla txapelketa ere ez da faltako Garaiko jaietan, aurten. Uztailaren 26an, 18:00etan, ekingo diote patatak zuritzeari. Urtero 60-70 tortilla inguru aurkezten dituzte lehiaketara, eta ekitaldi arrakastatsua izaten da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!