Garaiko jaien atarian, dagoeneko eman ahal da izena herri bazkarirako

Markel Onaindia 2017ko uzt. 17a, 13:10

Herri txikia izanagatik, jai luzeak edukitzen dituzte Garain, Santiago bueltan hasi, Santa Anagaz jarraitu, eta San Inazio egunera arte. Erromeria, dantza eta herri-giroko jaiak izan ohi dira, udako egun luzeak gauez luzatzen diren horietakoak.

Egitaraua osatzen buru-belarri ibili dira Trumoitte kultur elkartekoak, eta guztia prest dago, jaien atarian sartuta gaude-eta dagoeneko. Jaien antolatzaileek esan dutenez, hilaren 29an egingo den herri bazkarirako izena eman ahal da jada; udaletxera deitu behar dute interesdunek, eta 20 euroko balioa dauka txartelak.

Eguraldi ona eginez gero, plazan elkartuko dira herri bazkarian, eta euria edo bero handia tokatuz gero, pilotalekura lekualdatuko dute. Jaietako ekitaldi jendetsuenetako bat izaten da herri bazkaria.

Donien Atxa, 24an
Jaietako lehen ekitaldia hilaren 23an izango da, jubilatuen bazkaria. Hala ere, jaien hasiera ofiziala iragartzen duen Donien Atxa biharamunean altxatuko dute plazan, 19:00etan. Dantza saioa eta erromeria etorriko dira ostean. Jaietan zehar, Ezten Giro, Hobaneuke, Luhartz, Dj Bull eta Lisker musikarien erromeriak egongo dira, dantzazaleen gozamenerako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!