Ojembarrena: "Pinturak gero eta zentraltasun handiagoa hartu du nire bizitzan"

Itsaso Esteban 2017ko uzt. 14a, 13:00

Bihartik abuztuaren 7ra arte, bizi den herriko, Garaiko Elizabarrin daude bere koadroak ikusgai.

Bilbotarra zara. Zein da zure harremana Garaigaz?
Gogoan dut 16 bat urtegaz etorri nintzela lehenengoz Garaira, eta Oiz mendiaren inguruan ibili nintzela. Gero, Teresa Zubillagagaz ezkondu nintzen. Bere familiak etxe bat zeukan Garain, eta ama adinekoa zela, beragaz bizitzera etorri ginen hona. 25 urte inguru daramatzagu hemen bizitzen.

Unibertsitatean literatura irakaslea izan zara. Atzerrian ere ibili zara irakasle lanetan.
Bai, hemen eta AEBetan irakatsi dut, literatura espainola eta literatura konparatua. Duela dozena bat urte eszedentzia bat eskatu, eta Hegoafrikan hezkuntzari loturiko proiektu bat laguntzera joan nintzen. Lurmutur Hiriko zonalde pobreetako gazteei unibertsitaterako pausoa ematen laguntzeko sorturiko proiektu bat martxan jartzera joan nintzen. Dozena bat urtean joan-etorrian bizi izan gara, baina denbora gehiago egin dugu Hegoafrikan Garain baino. Duela lau hilabete hango lana amaitu, eta Garaira etorri gara berriro.

Zure bizitzako une guztietan egon da presente pintura?
Bai, beti eduki izan dut poesiarekiko joera, eta niretzat pintura ere poesia da. Bestelako zeinu batzuk darabiltzana, baina poesia. Olerkari moduan margotzen dudala esaten dute. Beti gustatu zait margotzea, baina 18 urtegaz, Parisen nengoela, Jeu de Paume museora bisita egin nuen, eta txundituta geratu nintzen inpresionistekin.

Parisen hasi zinen margotzen?
Urte batzuk geroago, AEBetan egon nintzenean hasi nintzen gehiago margotzen. Barbara King margolariaren lagun egin nintzen, eta bere estudioan denbora asko pasatzen nuen. Egun batean mihise bat eta koloreak eman, eta “eramazu etxera eta egin zerbait”, esan zidan, “zu margolaria zara”. Ordutik beti ibili naiz margotzen, eta gero eta gehiago, gainera. Azken 20 urteetan, asko. Agustin Reche EHUko Arte Ederren irakaslearen lagun mina naiz, eta azken 10 urteotan, nire lanak bidali izan dizkiot Cape Townetik. Asko ikasi dut berarengandik.

Garai eta inguruetako eta Hegoafrikako jendea eta paisaiak daude erakusketan. Materialak hartuta kalera ateratzen zara lan egitera?
Sarritan marrazki txiki bat egiten dut lekuan bertan, edo eszena deskribatuz oharrak hartzen ditut. Hori nahikoa ez denean, argazki batzuk ere egiten ditut, eta hortik abiatuta lantzen ditut koadroak.

Margotu ez ezik, idatzi ere egiten duzu.
Bai, lehen idatzi egiten nuen gehiago, gainera. Café Gijón saria jaso nuen gaztetan. Urte askoan asko irakurri dut eta ipuinak idatzi ditut. Ipuin horietako batzuk Espainiako eta AEBetako aldizkarietan publikatu zituzten. Lau nobela argitaratu ditut, baina gusturen lantzen dudan generoa ipuinena da. Iaz, erakusketa honegaz oso lotuta dagoen Blues de Ciudad del Cabo liburua argitaratu nuen. Ez dakit, agian hitzak gero eta setiatuagoak nabari ditudalako edo, azken urteetan irudiak eta koloreak erakartzen naute gehiago. Gero eta gehiago darabilt kolorea adierazpide moduan. Pinturak gero eta zentraltasun handiagoa hartu du azken urteotan nire bizitzan. Idazten jarraitzen badut ere, uste dut orain hobeto adierazten dudala nahi dudana margotuz.

Garai, atzerrian bizi denari aberriak sortzen dion liluratik margotuta

Garai-Ciudad del Cabo erakusketarako, 2002tik gaur arte leku bi horietan egindako 30 koadro aukeratu ditu Enrique Ojembarrenak, olio-pinturagaz eta gouache-agaz egindakoak. Garaiko ikuspegiak agertzen dira 17 lanetan, eta Lurmutur Hirikoak beste 13tan.

Bere buruagaz oso zorrotza den arren, erakusketako koadro horietan leku bakoitzak eman diona adieraztea lortu duela uste du margolariak. “Garai agertzen den koadroetariko batzuetan, atzerrian bizi zarenean aberriak sortzen dizun lilura islatzea” ere lortu duela sentitzen du.

Garaiko etxeko lorategira irteten da sarritan margotzera, eta balkoitik edo ortutik daukan ikuspegia ere askotan izaten da bere koadroen lehengaia. Hegoafrikan egindako koadroetan ere, natura eta jendea ageri dira. Badago erakusketan, Proteak ur azpian izeneko koadro bitxia ere. “Urpean, uraren erritmora mugitzen imajinatu nituen loreak”, azaldu du margolariak lan horri buruz.

Figuraziorantz
Abstrakziotik figuraziorako bidea izan da Ojembarrenarena. “AEBetan nengoenean, Arte Ederren fakultatera joaten nintzen arratsaldetan klaseak hartzera, eta eskola abstraktukoa zen erakartzen ninduen pintura”, adierazi du, “figurazioa gero hasi da agertzen, pinturaren historian sakondu ahala”.   

2016an, Bilbon erakutsi zuen Ojembarrenak bere lana. “Garaiko jendea etorri zen erakusketa hartara”, kontatu du, “eta herriko jaietan erakusketa ipini behar nuela esan zidaten”. Oso pozik dago bere lana Eleizabarrin erakusteko aukeragaz, eta oso eskertuta Garaiko alkatearen eta hainbat herritarren laguntzagatik.

Natura eta isiltasuna maite ditu Ojembarrenak. “Azken aldian asko disfrutatzen ari naiz, gura dudan denbora guztia eskaini diezaiokedalako pinturari”, dio. Goizean mendian paseatu eta gero margotzen du. “Sarritan, ogitarteko bat jan, eta arratsaldera arte”. Kontatu du, pinturari buruz irakurtzea ere oso gustuko duela, eta azken aldian Matisse margolariari buruz asko ari dela irakurtzen: “Asko gustatzen zait zelan ulertzen duen pintura: pintatzen duenarekiko mirespenetik sortutako obra poetikoa da berea”.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!