22 postu ipiniko dituzte domeka honetan, Garaiko Landare Azokan

Markel Onaindia 2017ko api. 19a, 09:30

Iaz ere jende ugari joan zen Garaiko azokara.

Duela bost urte ipini zuten Garaiko Landare eta Lorezaintza Azokaren lehen hazia, eta urterik urte sendotu eta loratu egin da. Domekan bosgarren ediziora helduko da, eta 22 postu ipiniko dituzte 10:00etatik 14:00etara bitartean. Udalak, Urkiola Landa Garapenak eta Trumoittek prestatu dute, nagusien elkartearen laguntzagaz.

Sasoiko loreak, iratzeak, kaktusak, landare txikiak, lorezaintzako lanabesak, egurra eta loreak uztartzen dituzten produktuak, lore naturalez eginiko bitxiak, baserri tresnak, produktu ekologikoak eta produktu fitosanitarioak egongo dira salgai, besteak beste. Lehen aldiz, herritarrek kontsigna batean utzi ahalko dituzte erosketak, eguna lasai aprobetxatzeko. Erabiltzaile horien artean, gainera, bi lagunentzako bazkari bat -herriko jatetxe bat aukeratuta- zozketatuko dute.

Bestalde, eskualdeko hiru baserritarren eskutik gazta, txakolina, sagardoa, ogia eta pastelak dastatu ahalko dira.

Odriozolaren berbaldia
Azokara joango diren zaleei begira, informatzeko aukera emango dute antolatzaileek. Hernaniko Karabeleko etxaldeko Amaia Odriozola nekazariaren berbaldia egongo da 11:00etan, eta orturako aholkuak ere emango ditu. Karabeleko etxalde esperimental bat da, nekazaritza ekologikoaren bidez errehabilitazio psikosoziala lantzen duena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!