51. Durangoko Azoka

Fernando Torrecilla: “Ipuinen bitartez nagusien gauzak gaztetxoei kontatzea gustatzen zait”

Anboto 2016ko abe. 5a, 13:28

Fernando Torrecillak ipuinera eraman du Altzoko Erraldoiaren istorioa. Garain bizi den diseinatzaile grafiko eta ilustratzaileak 51. Durangoko Azoka honetarako kaleratu du bere lehen autoekoizpena.

Zelan bururatu zaizu Altzoko Erraldoiaren istorioa ipuinera eramatea?
Duela hiru urte Apustua liburua kaleratu nuen, Berrizko elezahar baten inguruko ipuina.  Lehenengo lan hura kaleratu nuenean, elezaharrak ipuinera eramatearen ideia asko gustatu zitzaidan, eta orain urte batzuk Altzoko Erraldoiaren istorio hau aurkitu nuenean, hau ere ipuinera eramatea ideia ona izan zitekeela iruditu zitzaidan.

Beraz, esan liteke kondairak gaztetxoei kontatzea gustatzen zaizula.
Bai, testuaren eta ilustrazioaren bitartez nagusien gauzak gaztetxoei kontatzea gustatzen zait. Gainera, esan daiteke nire lanetan irudiak direla nagusi, testu laburrek irudiari laguntzea gustatzen zaidala. Hala ere, aitortu behar dut, umeentzako ilustrazioak egitea betidanik gustatzen zaidala, baina aita izan nintzenetik sentimendu hori areagotu egin dela.

Orduan, esan liteke aita izateak zure lanbidean bide berri bat ireki dizula?
Egia esan, haurrentzako ipuinak egiteko nahia aita izan naizenetik handitu egin dela esan daiteke, bai. Azken batean, haurren munduan gehiago murgiltzen zara. Baina, lehendik ere oso gustuko nuen haur eta gazteen literatura.

Azken lanera itzuliz, testua eta ilustrazioa egiteaz gain, zeuk autoekoiztu duzu Altzoko Erraldoia.
Lehen aldia izan da horrelako zerbait egiten dudala. Esperientzia oso polita izan da, autoekoizpenak eskaintzen duen askatasuna itzela da eta. Hala ere, egia da askatasun horrek bere arriskuak izan ditzakeela, hau da, norberak bakarrik gauza asko egin behar izaten ditu. Hala ere, nire ustez, autoekoizpenak merezi du.

Barikutik azokan ikusi zaitugu. Nola ikusten dituzu aurretik dauden egun hauek?
Egia esan, aurretik ez nekien oso ondo azokan zer aurkituko nuen, baina, aurretiazko egunak urduritasun puntu bategaz pasatu ditut, bai.  Azken batean, ipuin guztiak eskuartean ditugu, eta orain horiek saltzeko gudan sartzen gara, liburu horiei denei bidea egiteko ordua iritsi da eta. Hala ere, badakigu bidea ez dela laburra izango, eta azokaren ostean ere saltzen jarraitu beharko dugula.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!