Bego Aldekoa: "Mexiko ez dira telenobelak, ez gara bizi dramekin"

Anboto 2016ko mai. 22a, 10:00

Bego Aldekoa, Veracruz (Mexiko), 1989

Iazko otsailetik Garain bizi da Bego Aldekoa (Veracruz, Mexiko). Ez zuen lehenengo aldia. Izan ere, hiru urte lehenago, Europan zehar oporretan ibili zen lehengusina bategaz, eta Garaira ere etorri ziren. Euskal Herrira bueltatzeko gogoa sortu zitzaion, eta izebaren etxean dago. Euskal Herrian familia zabala du aitaren aldetik: amama Lizarrakoa zen, eta aitita Zeberiokoa. Oso pozik dagoela dio.

Mexikora bueltatuko zara?
Ez daukat argi zer egingo dudan. Gelditzeko gogoa dut batzuetan, besteetan ez. Mexikon nutrizioan lizentziatua naiz, eta maisutza egitea zen asmoa. Asko pentsatu gabe, abenturan etorri nintzen! Baina ohartu nintzen ikasteko lan egin behar nuela. Nutrizio organikoan lanbide-gradua amaituko dut orain, eta bueltatu ala ez erabakiko dut. Dena den, beti egongo da aukera hara joateko edo handik etortzeko.

Espero lakoa da inguru hau?
Ez da berdina oporretan egotea edo bertan bizitzea. Oso handia da Mexiko. Hiriburua munduko handinetakoa da, eta, Veracruzen eta Boca del Rion —ondo ondoan daude— 500.000 lagunetik gora bizi dira. Bilbo bera hiri txikia da, oso kontzentratua. Hasieran, polita da balkoian gosaltzea, mendiei begira. Baina Durangora jaisteko premia izan dut gerora. Bizi guztia ez dudala Garain egingo argi dut!

Zerikusirik ez Veracruzekin!
Garai herri oso polita da, baina egonaldi labur baterako. Izaera kontua ere bada: izeba Mexico D.F.-tik etorri zen, eta hasieran zarataren falta sumatzen bazuen ere, orain ez luke aldatuko.

Ez zara maila horretara heldu.
Ez! Eta gogorik ere ez! (barrez). Nik asko disfrutatzen dut zarata, jendea, jatetxeak, etxetik irten eta denda bat, eta beste bat topatzea... Hiria gurutzatu eta ikusi ohi ez dituzunak ikustea.

Bizimodua ere bestelakoa da.
Bai. Gaztea naizen aldetik, gaugiroan sumatu dut: poteoa da ohikoa hemen. Taberna batean sartu, eta hantxe geratzen gara Mexikon; lagun talde osoaren artean botila bat hartzen da, bertan edateko. Eta pintxoa edo mokau bat hartzea ez da hain ohikoa. Telebista ere desberdina da; telenobelaren kultura dago gehiago. Bestalde, baliteke hemen jendea itxiagoa izatea, hotzagoa. Maitasuna erakustekoak ez dira. Baina, ez gaitezen topikoetan jausi! Euskaldunak ez dira Ocho apellidos vascos eta Mexiko ez dira telenobelak, ez gara bizi dramekin.

‘Koadrila’ ere baduzu.
‘Koadrila’ esatea kostatzen zait oraindik, baina, bai. Zortea izan nuen. Nobedadea nintzen, mexikarra nintzelako ere bai. Lankide baten bidez ezagutu nituen. Bera ez zen asko irteten, baina nik irten egin gura nuen. Denetara animatu naiz eta, azkenean, whatsapp taldean sartu ninduten. Ofizialki koadrilakoa naiz harrezkero  (barrez).

Zerk deitu dizu atentzioa?
Bilbo gustatzen zait asko. Ahal badut, egunero joaten naiz. Bizitza handia dago; baita Durangon edo Zornotzan ere. Hemen, batez ere eguzkia irteterakoan, denak irteten dira kalera. Elkar ezagutzen dute, elkar bizi, hori asko gustatzen zait.

Eta ohitu zara klimara
Elurra egin zuen etorri nintzenean. Biharamunean dena zuri ikustean, itzela izan zen. Umetxoa ematen nuen. Aurten ere ilusio handia nuen! Azkenean, berriro elurra ikusi gura nuela-eta, Urkiola joan nintzen, lobatxoekin. Klimara ez naiz guztiz ohitu, baina, banabil ohitzen. Termikoa jarrita bizi nintzen; maiatzean ere. Bero itzela egiten du Veracruzen; ez egunero, baina, 48 gradu arteko beroak egon daitezke.

Euskal Herritik zer gustatu zaizu gehien?
Europa moduan bizi izan dut esperientzia hau, eta hori gustatu zait gehien, Europan dagoela. Bidaiatzeko aukera izan dut: ez gura beste, baina bai ahal izan dudan guztia. Jatekoa ere  izugarri gustatu zait; kiloak hartu ditut, baina, pozik! (barrez).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!