Iratxe Martinez: "Besteek baino gehiago erakutsi behar nuen emakume izateagatik"

Anboto 2016ko urt. 24a, 10:00

Arrautza ekologikoak ekoizten dituen abeletxe bateko arduraduna da Iratxe Martínez. 3.000 oiloz arduratzen da bertan. Baserri giroan hezi ondoren, argi zeukan landa zela berea.

Noizkoak dira zure hastapenak baserri munduan?
Gaztetatik izan dut erlazio handia baserri giroarekin, aitita-amamak eta gurasoak baserritarrak baitira. Gaur egungo beharretara eraldatuta dago abeltegia, baina betiko baserri ohitura kontserbatzen da.

Betidanik izan duzu argi abeltzain ibiliko zinela?
Ikasketak bukatu ondoren, hainbat lan ezberdinetan ibili naiz. Metalgintza arloan, tailerretan eta supermerkatuetan. Azkenean, baina, baserri girora bueltatzea erabaki nuen.

Tamalez, oraindik badago jendea arraroa egiten zaiona emakume bat abeltzain modura ikustea. Arrautza oskola apurtzea zaila egin zitzaizun?
Gaur egun, gero eta ohikoagoa da gure gizartean. Edonola ere, ez da berdina emakume bat landa giroan aritzea, edo emakume bat izatea esplotazioa gidatzen duen pertsona. Normalean, gizonak dira enpresaburu modura agerian dauden pertsonak. Baina, zorionez, gero eta emakume gehiago gabiltza hori irauli guran.

Izan duzu inoiz eragozpenik emakumea izateagatik?
19 urterekin nekazaritza ikasketak bukatuta praktiketan hasi nintzenean, traba asko aurkitu nituen. Bertako abeletxean, gizonak ziren guztiak, eta ez zegoen emakumeentzako aldagelarik. Gainera, besteek baino gehiago erakutsi behar nuen, gizona ez izateagatik. Ez zegoen eskubiderik. Azkenean, esfortzuaz lortu nuen nire tartetxoa zabaltzea, hasiera gogorra egin zitzaidan arren.  

Nolakoa da eguneroko lana oiloekin?
Oiloak gobernatzea ez da zaila. Egunean pare bat bider joan behar zaie bisitan, arrautzak batu, eta hildako oiloak ataratzeko. Makinei ere erreparatu behar zaie, pentsua eta ura ondo egon daitezen abereentzat.

Zuen arrautzak ekologikoak dira. Ze alde dago arrautza ekologiko eta arrunten artean?
Arrautzen ezberdintasuna oiloen bizimoduan dago. Ekologikoak pentsu naturalaz soilik elikatzen dira, hau da, kontserbagarririk gabe, eta, horrez gain, leku ugari daukate landa eremuan mugitzeko.  Ez da produkzio masibo bat.

Jendeak baloratzen du arrautza ekologikoen kalitatea?
Oraindik, jende askok ez daki gauza handirik honen inguruan. Arrain eta okelei buruz, informazio asko dago, baina arrautzen inguruan ez.  Hemen inguruan, beti izan dugu baserriko arrautzen ohitura. Aldiz, Bilbo moduko hiriguneetan, guztiz ezberdina da egoera. Azalpena eman behar zaie produkzio naturalaren inguruan, eta, askotan, komeriak izaten dira. Ekologikora jotzen duen pertsonak elikadura osasuntsuaren inguruko ideia argi dauka.

Trabarik izan duzu apustu hau egitean?
Hasieratik izan dira trabak. 2004an sartu nuen lehen proiektua, udaletxean, eta 2011 arte ez zidaten onartu. Orduan sartu nuen oiloen kontua proiektuan. Egunero, etsita irteten nintzen udaletxetik, ezezko erantzuna jasota beti. Ez zuten nahi oilo produkzio bat Garaiko herrian. Arazo ugari jarri dizkidate eraikinean eta lursailean.

Produktu freskoen merkatuan, kantitateak eta prezio baxuak agintzen dutela esan ohi da. Etorkizuna kalitatezko produktuena dela uste duzu?
Gaur egungo krisi garai honetan, ahal duenak behintzat, kalitatezko produktura jotzen du. Umeak dituen jendeak, edo pertsona nagusiek, argi dute produktu egokiekin elikatu behar direla, bizimodu osasuntsua lortzeko. Nire apustua kalitatezko arrautza ekologikoak merkatura kaleratzea izan da, hasieratik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!