Zezpala sagardoa: auzolanean eginiko gertakizun polit bat

Anboto 2016ko urt. 22a, 09:00

“Gertakizun polit bat, behin Asturiasen...”. Horrela hasten da Kupela taldearen abesti ezaguna. Baina, sagardoaren inguruko esperientzia politak bizitzeko, ez dago zertan Asturiaseraino joan. Durangaldean, Zornotzako Uxarte sagardotegian bazkaltzea izan daiteke aukera bat, edota Iurretako Trazolakoen eta Zaldibarko Aitor Intxaurragaren sagardoak edatea beste bat. Bestalde, eremu komertzialetik aparte, badago sagardogintzaren inguruko proiektu interesgarri bat ere: Zezpala sagardoa. Auzolanean eta autogestioan oinarrituta, hamabost bat sagardozaleko kadrila baten eskutik datorren gertakizun polita.

Garaiko Etxeita baserria dute topagune. Ibon Berriozabalgoitia da bertakoa: “Koadrilako hainbat baserrikoak gara, eta beti ibiltzen ginen sagardoa egin behar genuela esaten, sagar piloa sobera ikusita. Azkenean, duela hiru urte egin genuen. Prentsa txiki bat utzi ziguten, eta gure baserrietan zein ingurukoetan sagarrak batu genituen. 150 litro irten ziren”. Hurrengo urtean, beste kupel bat erosi, sagarra txikitzeko makina elektrikoa gero... Aurten, dagoeneko, 1.500 litro ekoitzi dituzte. Sagardoa eurentzat eta ingurukoentzat da batez ere, Egoitz Uriartek azaldu duenez. “Beste modu bat da; dena ez da erostea. Edozeinek egin ahal du bere ingurukoagaz”.

Baserritarrekin trukea
Proiektu honek badu beste berezitasun bat, egileen eta baserritarren arteko trukea. Uriarte: “Baserritar batzuek sagarrak ematen dizkigute, eta guk sagardo botilak ematen dizkiegu ordainetan”. Aurten, lau tona sagar batu dituzte Garain, Arrazolan, Izurtzan eta Mendiolan. Baserritarren harreraz berba egin du Berriozabalgoitiak: “Pozik hartzen dute. Izan ere, normalean, baserritarrek sagarrondo piloa edukitzen dute, baina jan, gutxi jaten da. Esaterako, errege-sagarrak gorde egiten dira, laban egiteko edo, baina beste asko animalientzat dira, edo soberan geratzen dira”.

Autodidaktak
Autodidaktak dira. Irakurri, galdetu, probatu... Orain, Etxeita baserriaren bueltan, tokiko sagarrak landatzen hasi dira, 25 bat klase desberdin, Berriozabalgoitiaren esanetan. “Klase askotako sagarren nahasketatik irteten da sagardo ona”. Tratamendu kimikorik eta sulfitorik barik sortzen dute edaria.

Egitasmoak lagun taldea indartzeko balio izan die, gainera: “Batek lana daukala, besteak seme-alabak... honi esker, denok batzen gara, afaltzeko edo beharrerako”, esan du Uriartek.

Datorren asteburuan elkartuko dira berriro, sagardoa botiletan sartzeko asmoz. “Gainera, urtero, gure txotx propioa egiten dugu botiletan sartu eta pare bat astera”, dio Berriozabalgoitiak.

Kupeletik ziria atera, eta txotx egin dute Zezpalako Berriozabalgotiak eta Uriartek. Sagardo gozoa dator, tradizioaren indarragaz eta gaztetasunaren freskuragaz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!