Lazaro Milikua: "Udaletxea baino, informazioa maneiatzen dugu idazkariok"

Anboto 2015ko ira. 13a, 10:00

Maisu karrera egiten ari zela, “ia behartuta” hasi zen idazkariaren laguntzaile lez Lazaro Milikua, Garain, domeketan. Berrizen hiru udaletxe ezagutu ditu, bolatokiak ordezkatutakoa ere bai. Erretiroa hartuko du urriaren 5ean Gerediaga  Elkarteko kideak  (1978-2004ra idazkari). Jendeagaz hartu-emana gustatu zaio beti Berrizko Futbol Taldeko idazkari ere izandakoari.

Urte piloa Garaiko eta Berrizko idazkari... paper guztiak emateko prest?
Bai! Berrizen 36 urte pasa egin ditut; Garain bost gehiago, 41.

Datorrenak egiteko beste era batzuk izango ditu.
“Cada maestrillo su librillo”. Idazkari laguntzaile lez hasi nintzen 1974an, eta gero, oposaketak egin nituen. Aurrekoarengandik ikasi nuen, bai, baina, egindako bideak berak erakusten dizu. Politika alde batean utzi, eta momentuan legeak dioena azaltzea, horixe esango nioke ordezkatuko nauenari.

Alkate asko ezagutu dituzu. Bat aukeratzea eskatuz gero...
Garain hiru, eta Berrizen sei. Frankismo sasoian sartu nintzen Garain; Berrizen, lehenengo gorporazio demokratikoagaz. Denekin konpondu izan naiz ondo. Uste dut errespetatua izan naizela, eta nik ere errespetuagaz jokatu dut. Alkate eta zinegotzi guztiekin tratu berdina izan dut.

Franko bizi zela hasi zinen.
Bai. Franco hil zela-eta, oroimen berezia egiteko aginduagaz etorri ziren guardia zibil bi, parrokoagaz ordutegia zehazteko. Beti lez, domekako mezan  gogoratuko genuela esan nien. Hori izan zen momentu gogorrenetakoa. Alkateagaz ondo konpontzen nintzen, eta gero, trantsizio garaian ere ez genuen arazorik izan, ikurriña jarri genuenekoa kenduta.
    
Zer gertatu zen?
Espainiako Ministro Kontseiluak ofizialtasuna onartuta, bilkura egin, eta ikurriña jarri genuen udaletxean. Biharamunean, secretak etorri ziren, ikurriña kentzeko aginduz. Garai lehenengoa izan zen ikurriña jartzen.

Udaletxeko idazkaria da ezkutuan dagoen alkatea?
Kaleko esana da hori. Idazkaria udaletxean informazio gehien duena da. Udaletxea baino, informazioa maneiatzen dugu.

Anekdotarik bai, baina...
J.M. Apraiz alkateagaz Berrizko udaletxean harrapatu ninduen otsailaren 23ko estatu kolpeak. Valentzian tankeak atera zituztela esanez etorri zen zinegotzi bat, eta, ia zer egiten nuen berton galdetu zidan beste batek, batean eta bestean sartuta nengoen eta. Bilkura amaituta, etxera heltzean, amak Guardia Zibila bila izan nuela esaterakoan urduritu nintzen.

Bizkaiko ahaldun nagusiak kargua uztean esan zuen ez zuela alfonbrarik astinduko. Zuk?
Ez! (barrez).

Bi herritan aritzea ez da erraza izango...
Bietan idazkaria mantentzeko, 1974an erabaki zen elkartzea sortzea. Ez da erraza, baina, Garain bizi izanda, pribilegioa izan da: herria eta jendea ezagutzen dituzulako, batzuetan herriko doako gestoria izan arren.

Sasoi baten batez ere, begirune handiz tratatu zaituztete...
Bai. Txapela kenduta, errespetu handiz... behin, Berrizen, 23 urte nituela, 80 bat urteko gizonak ezin zuen sinistu neu nintzela idazkaria. Hura gogoan geratu zait. Herritar asko beldurragaz etortzen zen udaletxera sasoi batean: Komisario politikoak ginen gu.

Eta orain?
Landarak, lorak, arbolak... gaztetatik nire afizio izan denarentzat denbora gehiago izango dut. Baita bidaiatzeko ere. Sukaldaritza ere gustatu izan zait beti.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!